argia.eus
INPRIMATU
Hamahiru euskal presori hirugarren gradua errekurritu die fiskalak
  • Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak lau euskal preso politikori emandako hirugarren gradua errekurritu zuen Ministerio Fiskalak pasa den abuztuan.

Etxerat Elkartea @@EtxeratElkartea 2022ko irailaren 28a
Hirugarren graduan presoak eguna kalean pasatzen du eta gaua espetxean. (Arg.: Eitb)

Justizia sailak Zaballan dagoen Zigor Orberi uztailaren 29an emandako hirugarren graduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen fiskaltzak abuztuaren 8an. Abuztuaren 24an, aldiz, Ministerio Fiskalaren Martuteneko espetxean dagoen Lierni Armendarizi eta Basauriko espetxean dagoen Aitor Herrerari zuzendu zizkien errekursoak. Armendariz eta Herrerak ere uztailaren 29an jaso zuten hirugarren gradua Justizia Sailaren aldetik. Fiskaltzak, halaber, Basaurin dagoen Juan Carlos Subijanaren hirugarren graduaren aurkako helegitea jarri zuen abuztuaren 24an; Justizia sailak hamar egun lehenago eman zion hirugarren gradua.

Une honetan, hamahiru euskal preso politikoei dagozkien hirugarren graduak errekurrituta ditu Ministerio Fiskalak, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak horien baliogabetzea edo berrespena emateko erabakiaren zain daude. Iñaki Bilbao eta Gorka Martinezen kasuetan gertatu bezala (lehenago Unai Fano, Iñigo Gutierrez eta Jon Crespo izan ziren), helegitea onartuz gero, erdi-askatasuneko erregimena duten preso horiek (egunez irten eta espetxean igarotzen dute gaua) 2. gradura itzuli eta eguneko 24 orduak espetxean eman beharko dituzte.