argia.eus
INPRIMATU
Hamabost pertsona etxetik kaleratu dituzte Gasteizen
  • Herrandarren kaleko 15. zenbakiko etxebizitza hutsak 2020ko uztailean okupatu zituzten 30 lagunek. Gaur egun 15 bizi ziren eta poliziak etxetik kaleratu ditu astearte goizean. 20tik gora pertsona identifikatu dituzte eraikin barnean, bizilagunak edo babesa ematera bertaratutakoak. Liskarrak izan dira eta hiru gazte atxilotu dituzte ertzainek kanpoaldean; etxetik kaleratu dituzten migratzaileetako bi, berriz, Atzerritartasun Bulegora eraman dituzte udaltzainek. Kaleratzea amaituta, manifestariek Larrialdietako Zerbitzu Sozialetara abiatu dira, kalean geratu diren familientzat alternatiba eskatzeko kontzentrazioa eginez.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko urtarrilaren 26a
Etxearen aurrean harresia egiten jarri dira hainbat kide. Ertzaintzak banaka atera ditu. Argazkia: Zigor Olabarria Oleaga.

Goizeko hamaikak aldera ekin diote udaltzainek Herrandarren kaleko 15. zenbakiko atariko atea zabaltzeari, sarrailagile baten laguntzarrekin, eta ordubete inguru behar izan dute. Hamabietan sartu eta eskaratzean zeuden kideak atera dituzte banan-banan, eta identifikatu ostean aske utzi dituzte. 20 lagun baino gehiago atera dituzte denera, eta salatu dute oldarkor aritu direla udaltzaingoak zeregin horretan. Eskaratzea hustuta, bost familia bizi diren bost etxebizitzetara jo dute udaltzainek.

Tartean migratzaileak zeuden eta horietako bi Atzerritartasun Bulegora eraman dituzte, Espainiako Poliziaren polizia etxera. Haserrea piztu du horrek protestan ari zirenen artean, eta tentsio uneak izan dira.

 

Behin kaleratzea bukatuta, deia egin diete herritarrei Larrialdietako Zerbitzu Sozialetara jotzeko, kalean utzi dituzten familientzat alternatiba eskatzeko.

Tentsio uneak kalean

Dozenaka poliziek hartu dute parte kaleratzean. Udaltzaingoak kalea itxi du goizetik eta dozenaka lagun portalaren aurrean eseri dira harresia eginez; ertzainek pertsona eta horiek banan-banan atera dituzte errepidearen bestaldera. Ordutik aurrera, goiz osoan tarteka tentsio uneak eta istiluak izan dira Udaltzaingo eta Ertzaintzaren eta kanpoan elkartu den jendearen artean. Une horietako batean, etxegabetzea ia amaituta zegoela, istiluak piztu dira berriz ere eta Poliziak hiru gazte atxilotu ditu. Eskuburdinak jarrita autoan sartu eta polizia etxera eraman ditu Ertzaintzak.

Bideoan, atxiloketen unea:

https://twitter.com/zoleaga1/status/1354039858306686977?s=20 https://twitter.com/zoleaga1/status/1354039858306686977?s=20 https://twitter.com/zoleaga1/status/1354039858306686977?s=20

Bost familia "inongo alternatibarik gabe"

Bost familia bizi ziren Herrandarren kaleko etxebizitza okupatuetan, hamabost pertsona, zaurgarritasun egoeran eta haurrak tartean. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak azaldu du etxegabetze agindua jasotzerakoan zerbitzu sozialekin, jabeen abokatuekin zein udaleko “zenbait alderdirekin” jarri zirela harremanetan, familientzako irtenbide bat aurkitu nahian. Momentuz ez dute horrelakorik lortu. “Inongo alternatibarik eskaini gabe, pertsona horiek kale gorrian utzi dituzte", ohartarazi dute.

Goizeko 10:00etatik aurrera tentsio uneak izan dira kaleratzea saihestu nahi duten herritarren eta polizien artean. Argazkia: Zigor Olabarria Oleaga.
Kaleratzea amaituta, Gasteizko Udalaren Larrialdi Zerbitzuen aurrean kontzentratu dira manifestariak, kaleratutako familientzako alternatiba baten eske. Argazkia: Zigor Olabarria Oleaga