Enpresak hamabost pertsona inguru kaleratzeko asmoa adierazi du. Hori dela eta, bi orduko lanuzteak deitu dituzte langileek uztailaren 23tik abuztuaren amaierara bitartean, zuzendaritzaren erabakia bertan behera uzteko asmoz.
Siemens Gamesak Zumaiako Guascor lantegiko enpresa-batzordeari jakinarazi dionez, hamabost langile inguru kaleratzeko asmoa dute. Kaleratzeen zifra zehatza oraindik jakiteke dagoen arren, zuzendaritzaren borondatea jakina da jada.
Hori dela eta, langileek bi orduko lanuzteak egingo dituzte uztailaren 23tik abuztuaren amaierara arte, kaleratzeak saihestea helburu. ELA sindikatuak kaleratzeak errefusatu ditu, eta enpresari “alternatiba bat bilatzeko” eskatu dio. “Neurriz kanpoko erabakia da eta ez du enpresaren errealitatea aintzat hartzen”, gaineratu du langileen ordezkaritzak. Euren arabera, enpresak “baditu beste tresna legal batzuk egiturazkoa ez den egoera honi aurre egiteko”.
Gogorarazi dutenez, enpresa-batzordea “alternatibak bilatzen” saiatu den arren, enpresak “uko egin dio kaleratze traumatikoak ez diren ezeri buruz hitz egiteari”, deitoratu du ELAk. Lantegiko iturrien arabera, Siemens kaleratze indibidualak egiteko izapideak zabaltzen ari da, kaleratze kolektiboek eskatzen duten prozesua saihesteko asmoz.