Desordena publikoak egotzi dizkiete alderdi ultraeskuindarrean agerraldiari aurre egin zioten lagunei. Jada aske dira, karguekin.
Ertzaintzak hamabost pertsona atxilotu ditu ostegunean Santurtzin, Voxen ekitaldi baten aurka protesta egiteagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, “desordena publikoak” leporatu dizkiete lagun horiei. Euskadi Irratiak aditzera eman duenez, goizaldean aske geratzen hasi sira.
Jaurlaritzaren arabera, 200 pertsona baino gehiago batu dira Voxen aurkako protestan, “Ezkerraldetik ez dira pasako” dioten kartelak erakutsi eta "Euskal Herria antifaxista" edo "Alde hemendik" oihukatu diete Voxeko kideei. Horien artean Javier Ortega Smith alderdiko idazkari nagusia izan da Santurtzin. Ertzaintzak inguratu egin behar izan du ekitaldia egitekoa zen plaza.
Protestan, hainbat lagunek edukiontziak gurutzatu dituzte, eta botilak eta harriak jaurti dizkiete Voxeko kideak babesten ari ziren ertzainei.