Abuztuaren 27an 300 bat lagun elkarretaratu dira San Bixintxo elizaren aurrean, Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek deituta, eta salatu dute ostiralean bertan aterpetuta zeuden hamabi lagun atxilotu izana Poliziak.
Abuztuaren 26ko eguerdi aldera Urruñako San Bixintxo elizan sartu zen Frantziako Polizia, eta bertan babestuta zeuden migratzaileetako hamabi atxilotu zituen, Berria egunkariak zehaztu duenez. Poliziaren jokabidea eta “zigorgabetasuna” salatzeko elkarretaratzea egin dute larunbatean eliza atarian, Bidasoa Etorkinekin eta Diakite elkarteek deituta.
300 bat lagun batu dira protestan, eta bertan azpimarratu dute elizak “bake eta babesaren lekuak” direla, eta operazioaren legezkotasuna zalantzazkoa dela. Urruñako auzapez Filipe Aramendik iritzi bera helarazi du, esanez eliza eremu publikoa dela eta “etikoki eta humanoki” gaitzesgarria dela poliziak bertan zeuden pertsona migratzaileak atxilotzea. Mikel Epaltza apaizak elkarretaratzearekin bat egin du, “etorkinei sustengua emateko”, eta gogorarazi du urteetan aterpe gunea izan dela eliza, eta migratzaileak bertara joaten direla badakitelako babesa eta Baionara joateko laguntza jasoko dutela. Pirinio Atlantikoetako prefet Eric Spitzek jakinarazi zien elkarteko kideei hark ez zuela eman atxiloketetarako agindua.
Larunbateko protestan Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek oroitarazi dute Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko mugaren inguruan gero eta polizia jazarpen handiagoa jasaten ari direla migratzaileak, eta ostiralekoa beste adibide bat dela. Elkartasun mezua helarazi diete etorkinei.