argia.eus
INPRIMATU
Hamabi lagun deklaratzera deitu ditu Audientzia Nazionalak, preso ohiei egindako ongi etorriengatik
  • Tartean leudeke joan den urtarrilean atxilotu eta ordu batzuetara libre utzitako kideak. 2016 eta 2019 artean preso ohiei egindako ongi etorriengatik deitu dituzte deklaratzera, Naiz.eus-ek jakitera eman duenez

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 20a
Haimar altuna joan den urtarrilean Guardia Zibilen koarteletik ateratzeko unean (arg.: Foku / Jagoba Manterola)

Urtarrilaren 22an guardia zibilak atxilo hartu eta ordu batzuetara libre utzitako ezker abertzaleko kideak deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horiekin batera zitazio bera jaso dute Juan Mari Olano eta Julen Larrinagak ere, Naiz.eus-ek jakitera eman duenez.

Horrez gain, bigarren txanda batean deklaratzera deituta leudeke beste sei lagun: Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaleta. Iturri berak azaldu duenez 2016 eta 2019 artean preso ohiei egindako ongi-etorriekin auzia osatzen ari da Madrilgo entzutegia eta horren ondorio dira zitazio hauek.

Nolanahi ere, deklaratu arte ez dute zehazki jakingo zein diren arrazoi zehatzak eta Manuel Garcia Castellónek ezer leporatzen dien. Presoei egindako harreretan biktimak "umilatzea" eta "ETA goraipatzea" egozten die Guardia Zibilak eta hori ikerketzeko abiatu du instrukzio epaileak auzia.