Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla azaldu dute.
Urtebete igaro da oldarraldiaren aurkako manifestazioa Bilbon egin zenetik. Hamarnaka mila lagun bildu ziren euskara eta euskaldunak bigarren maila batean utzi nahi dituzten sententzia judizialak ozenki salatzeko.
Azken urteko balorazioa bidali du Kontseiluak eta egoera kezkagarria dela esan badute ere, esperantza izpiak ikusten dituztela nabarmendu du. Horrez gain, euskararen normalizazioaren defentsan erantzun irmoak ematen ari direla azaldu du Kontseiluak: “Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileen mobilizazioak ikusi ditugu”.
Egungo egoera gainditzeko “proposamen gauzagarria” badela azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta hizkuntza-politiketan “jauzi sendo bat” egitearen beharra azpimarratu dute.
Zentzu horretan, akordio sozio-politiko berri bat bideratzeko konpromisoa berresten dutela adierazi dute, eta “buru-belarri” lanean ari direla horretan.