Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.
Duela 60 bat urte eraikitako etxeak dira, portuko langile eta familientzat. Gaur egun, hainbatetan, langile haien alargunak edota seme-alabak bizi dira. Batzuek jabetzan dute etxea, beste batzuek ezin izan dute etxea erosi, Pasaiako Portuak aspaldi agindu arren etxearen jabe izateko aukera emango zietela, salatu dute bizilagunek. Orain, etxetik kanporatu eta jabe direnei “miseriazko indemnizazioak” eskaini dizkiete, diote bizilagunek, “gutako gehienoi, ordea, kale gorria besterik ez”.
Zehazki, Europatik datozen bobinak Durangora bidaltzeko trenbide zati bat egin nahi dute bertan, Euskotrenen ibilbidea portuarekin lotuko duena. Obra lizitatuta dago jada.
Egoera salatzeko, prentsaurrekoa egin dute Trintxerpeko Escalerillaseko blokeko bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak. “Bizilagunak inolako bizitoki-alternatibarik gabe desalojatzea da haien asmoa”, baina joateko asmorik ez dutela adierazi dute bizilagunek.