Azaroaren 23 goizean kereila aurkeztu dute Hala Bediko kideek, Arabako Justizia Jauregian, Talka espazio feministako desalojoan kazteari baten lana oztopatu zuen polizia agentearen aurka. Hala Bedik informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen jarraituko duela adierazi du, "herritar ororen eskubidea baita".
Maiatzaren 8an ertzain batek telefonoa kendu eta 300.000 euroko isunaz mehatxatu zuen Hala Bediko kazetari bat Talka espazio feministaren desalojoaren berri ematen ari zela.
Ertzainak ekintza poliziala grabatu ezin zuela ohartarazi zion kazetariari, “pertsona fisiko bat” zela argudiatuta eta “Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak” hala agintzen zuela esanez. Eztabaidan zirela, poliziak, mehatxu artean, telefonoa ematera derrigortu zuen Hala Bediko kidea.
"Telefonoa kentzea gehiegikeria poliziala izateaz gain, agentearen argudio eta mehatxuek ez zuten inolako oinarri juridikorik. Kontrara, herritar orok, kazetaria izan edo ez, eskubidea dauka polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira, eta herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du poliziaren ekinbidea dokumentatu ahal izatea", salatu du Hala Bedik.
Bideo honetan ikusten da ertzainaren eta Hala Bediko kazetariaren artean, polizia grabatzeko eskubideari buruzko eztabaida:
Hala Bedik azaldu du ez dela kasu isolatua, "Hala Bediren jardunaren eta prentsa askatasunaren aurkako eraso jarraitu bati erantzuten dio. Informatzeko eskubidearen aurkako eraso hauek onartezinak direla deritzogu".
Azken urteetan prentsa askatasunak jasandako erasoak gogorarazi dituzte: "Izan Mozal Legearen aplikazioa edo berriki Frantziako Gobernuak kazetariei ezarri nahi dien poliziaren indarkeriaren berri emateko debekua esate baterako. Honen aurrean, informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen jarraituko dugu Hala Bedin, guztion eskubidea baita".
Adierazi dutenez, "sistema judizialera jotzeak kontraesanak sortzen badizkigu ere, poliziaren inpunitateari eta prentsa askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko beste urrats bat bezala ulertzen dugu".