Hala Bedi-k Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatu ditu beste urte batez. Irailaren 23an, egun osoan zehar burutuko dira Oihaneder Euskararen Etxean, irailaren 18an izena emateko epea amaituko da. ARGIAko Lander Arbelaitz eta Axier Lopez izango dira prentsa eta sare sozialei buruzko tailerrean.
Tailer hauen helburua, “komunikabide handiek jartzen dituzten gero eta traba handiagoei aurre egiteko hazia ereitea da. Herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea eta, bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea”. Bost tailer ezberdinetan eman ahalko da izena.
Kartelgintzako Irakasleak Aimar Cordero (HalaBideo) eta Albaro (DOSporDOS) izango dira. Goizean hastapenak eta arratsaldean kartel landuagoak egiteko oinarriak.
Bideogintza HalaBideo taldeak eskainiko du. Talde ezberdinetan banatuta, ikusentzunezko proiektu bat sortzeko oinarriak emango dira, aurrerantzean bakoitzak garatu beharrekoak.
Irratigintzako irakasleak Imanol Miranda, Alba Fernandez, Iraide Mezo eta Gaizka Amondarain. Ahozkotasuna irratigintzan, irrati mahaiaren erabilera eta audio edizioa landuko dira.
Argazkilaritzan ere oinarrizko printzipioak ikasiz hasiko da, Raul DOSporDOS-en eskutik.
Prentsa eta Sare Sozialen tailerrean izango dira ARGIAko Axier Lopez eta Lander Arbelaitz kazetariak, herri mugimenduetako beste esperientzia batzuekin batera. besteak beste, sare sozialak baliatuta herri mugimenduaren praktika politiko eta komunikatiboa hobetzeko ikasgai batzuk lortzen saiatuko dira. Arratsaldean herri mugimenduen eta prentsaren arteko harremanaren gainean hausnartu eta hainbat gomendio emango dira.
Parte hartzeko, harremanak.halabedi@gmail.com helbide elektronikora email bat bidaltzea nahikoa da, izen-abizenak, kontaktua eta aukeratutako tailerra idatziz. Matrikulazioa eginda, 10€ ordaindu beharko dira egunean bertan, eta Hala Bediko USB bat emango da opari, tailerren eduki teorikoekin eta hainbat erremintekin.
Tailer guztiak aldi berean garatuko dira, bi bloketan banatuta: 10.00etatik 13.00etara goizean, eta bazkalostean, 16.00etatik 19.00etara. Izena eman duten pertsonak 9.45etan azaldu beharko dira Oihaneder Euskararen Etxera.