Mikel Saez Buruaga kazetariak Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzaren segurtasun sailari irabazi die epaitegietan, Hala Bedik informatu duenez. Cristina Ruiz Oteiza epaileak Mozal Legea erabiliz jarri zioten isuna bertan behera eta eraginik gabe utzi du. Hala Bediko kazetariari telefono mugikorra apurtu eta 602 euroko isuna jarri zioten Errekaleor auzo autogestionatuan argindarra moztu nahian Ertzaintza egiten ari zen operazio baten berri ematen ari zela. Irrati libreko kideek epaitegietara jo zuten kazetaritzaren defentsa eginez, eta azkenean, auzia irabazi dute.
Hala Bediko kazetaria 2017ko maiatzean Errekaleor auzo autogestionatuan lanean ari zen argindarra moztera joan zirenean. Errekaleorreko auzokideek erresistentzia antolatu zuten energia babesteko eta makinaria baten inguruan kateatzeaz gain, giza harresia egin zuten. Lotura honetan egun hartan gertatutakoaren argazki galeria ikus daiteke.
"Jokoan dagoena ez da gure kasua, ezta isuna bera ere; guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik", adierazi zuen epaitegira sartu aurretik
Ertzaintzak operatiboa antolatu zuen eta kideak banaka-banaka ateratzen hasi zen, tentsio handiaren erdian. Horren berri ematen ari zela, mugikorra puskatzeaz gain, identifikatu eta Mozal Legeaz zigortu zuten Saenz de Buruaga. Honek zigorrari helegitea jarri zion eta apirilaren 2an izan berri da epaiketa.
"Kazetaritza herrikoiaren aurkako erasoa izan da”. Horrela adierazi zuten bai Saenz de Buruagak baita irrati libreko kideek ere. Epaiketaren egunean kontzentrazioa egin zuten epaitegiaren aurrean “Mozalik ez, kazetaritza ez da delitua” lelopean. Auzipetua bera izanagatik ere, epaiketan erasoan jokatuko zuela iragarri zuen kazetariak, ez defentsan: “Epaituko direnak Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzaren gezurrak dira. Jokoan dagoena ez da gure kasua, ezta isuna bera ere; guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik. Hori da gaur salatuko duguna eta hori da irabaztera etorri garena”.
Ertzainek, aldiz, besteren artean, Saenz de Buruagak polizia lerroa gainditu zuela defendatzen zuten, eta beraz, ez zela kazetari bezala aritu. Bera protestaren antolatzaile zela ere esan zuen ertzainen lekuko batek epaitegian. Manifestariekin hitz egin zuela argudiatu zuten bere aurkako arrazoi gisa.
Azpiko bideo honetan ikusten da Saenz de Buruaga nola aritu zen goizean goizetik kazetari lanetan. Ustez lerroa apurtu zuen unea ezin izan zen grabatu, mugikorra apurtu ziotelako.
Epaileak ondorengoa dio, hitzez hitz epaian: “Ez da gure lana erabakitzea ez kazetari ona polizien atzean jartzen dena den, albistea lehen eskutik jasoz baina gertaeraren aurrean jarrera moral bat hartu gabe, edo poliziaren aurrean jartzen dena den kazetari ona, Mikel Jauna bezala, masaren parte izateagatik postura bat hartuz. Guk aztertu behar duguna da ea Mikel Saenz de Buruaga jaunak berariaz hautsi nahi izan zuen poliziaren agindua”. Ondoren dio, ezetz, ez dela nahikoa akreditatu poliziaren segurtasun lerroa ez gainditzeko eman zioten agindua hausteko borondatea.
Epaileak ebatzi du Gasteizko irrati libreko kazetaria bere lana egiten ari zela eta epaiketan ertzaintzak ez duela frogatzerik lortu manifestaria zela eta.