argia.eus
INPRIMATU
Euskara hutsezko irrati katea abiatuko du Gasteizko Hala Bedik 28an
  • Gasteizko Hala Bedi irrati libreak euskara hutsezko katea abiatuko du larunbatean, hilak 28. FMko 88.8 frekuentzian izango da entzungai.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 26a

Estreinako saioa "kaletik bertatik" egingo dute, 12:00etatik aurrera Faroloian. “Teatralizatutako emisioa” egingo dute, Hala Bediren lehen irratsaioaren remake moduko bat, irratiko kideek azaldu dutenez.

Egoera egonkortzea eta legeztatzea xede

Proiektu berri honen jatorria 2011n Eusko Jaurlaritzak irrati lizentziak banatzeko lehiaketan aurki dezakegu. Gasteizen banatu behar ziren hamar lizentzietatik hiru euskara hutsezko irratientzat izango ziren, baina arlo horretan aurkezpenik egon ezean, gaztelaniazko irratiek jasoko zituzten. Hurrengo hamabost urteetan euskarazko irratirik gabeko panorama saihesteko, euskara hutsezko irratiaren proiektua aurkeztu zuten elkarte baten bitartez. Lizentzia lortu zuten, baina Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek irregulartasunez jositako prozesua deuseztatu zuten. Lizentzien lehiaketa hasieratik iruzurra izan zela salatzen duen arren, aurrera begira Iñaki Ziarsolo irratiko kideak uste du irrati libre askok argi utzi duela zein den beraien nahia: egoera alegala utzi eta “euren egoera egonkortzea eta legeztatzea”. Jadanik ez dago legearen barruan egon nahi ez dutela esateko aitzakiarik.

Hala Bediren 30. urteurrenaren harira ARGIAn plazaratutako erreportajerako egin diogu elkarrizteka Ziarsolori. Bere hitzetan, “Hala Bedi beste irrati libre askotatik bereizi da, urte hauetan mantentzeaz gain, garai berrietara egokitzen jakin duelako. 80ko hamarkadan jende eta indar nahikoa zegoen zailtasunak jasateko, baina 90eko hamarkadan krisia egon zen: irratian zortzi lagun inguru baino ez zeuden eta behin baino gehiagotan ixtea pentsatu zen. Orduan, erabaki egokiak hartu ziren irratia indartu eta garai berrietara egokitzeko. Edonork parte hartzeko moduko irratia egitea erabaki zen, eta nik uste horrek salbatu zuela Hala Bedi”.