Hala Bedi irratiak 30. urteurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu du astearterako, Gasteizko Ama Zuriaren festen barruan. Bazkari herrikoiak emango dio hasiera.
14:30ean egingo da bazkaria, txosnetan. 20:30ean "Kalejira musikateoa" edo "peregrinazio librepentsalaria" egingo da, eta 22:00etan "Bataio paganoa brindisarekin", hau ere txosnetan.
1983tik ahotsik gabekoei ahotsa ematen
1983an jaio zen Hala Bedi irratia, helburu argi batekin: "Ahotsik ez zutenei ahotsa ematea, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lan egitea", irratiko kideen hitzetan. "Handia da hasierako eta gaur egungo irratiaren arteko aldea, baina badira komunean eta bere horretan mantentzen diren beste ezaugarri asko eta asko", diote webgunean .
"Irrati bat baino zeozer gehiago garela esaten dugu, gainontzeko irratiengandik bereizten gaituzten ezaugarriak ditugulako oinarri. Autogestioak, asanblada bidezko funtzionamenduak, komunikazio hurbil eta parte hartzaileak, inongo interes ekonomiko zein politikoren menpe ez egoteak eta urte hauetan guztietan herri mugimenduaren tresna izateak egiten gaitu libre, besteengandik desberdin".
"Hala Bedi herri mugimenduaren ekimenez sortu baitzen 1983ko abuztuan. Jai giroan murgildurik zegoen hiriburu artifizial honetan bertan. Zegoenarekin konforme ez eta zerbait aldatu nahi zuten haiek denek eman zioten hasiera letra txikiz idatzitako historia handi honi. Hertzainak, Potato eta La polla records bezalako taldeek kaleak aztoratzen zituzten garaiak ziren. Mugimendu autonomoa, punkiak eta bestelakoak biltzen ziren orduko Gasteizko kaleetan. Eltze hartan hasi ziren prestatzen oraindik orain bizirik dirauten mugimendu asko. Hala Bedi irratia horietako bat baino ez da. Gasteizko Gaztetxearekin batera, hiri honetan errealitate ukaezin bihurtu den proiektu herritar eta autogestionatua".
Gaur egun Bueno Montreal kalean du egoitza Hala Bedi irratiak. Arrosa sareko kide da, eta horrek aukera ematen dio "Euskal Herriko bazter ezberdinetan egiten diren euskarazko irratsaioak elkar trukatzeko". Hizkuntzari dagokionez, egun %40 da Hala Bedik euskaraz emititzen duena. Euskara hutsezko emisioa (Hala Bedi Bi) sortzea dute orain xede.
30. urteurrenaren harira dokumentala egiten ari dira Hala Bediko kideak. Trailerra duzue hau: