argia.eus
INPRIMATU
Hala Bedi Irratiak martxan jarri du 999 ‘halabelarri’ lortzeko kanpaina
  • Tortillari buelta ematera goaz. Egin zaitez halabelarri lelopean harpidetza kanpaina martxan jarri du Hala Bedi Irratiak. 666 bazkidetik 999ra jauzia emateko asmoa dute, 35. urteurrenean inoiz baino indartsuago egoteko.  

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 04a

“Ahotsik ez zutenei ahotsa emateko helburuarekin” sortu zuten Hala Bedi irrati librea 1983an, euskara hutsezko lehenengo irratia Araban. Ordutik “eraldaketa soziala” bultzatu eta “komunikazio eredu ezberdin baten alde” lan egin dute. Azken hilabeteetan, baina, arazoak izan dituzte: Eusko Jaurlaritzak lizentzia ukatu die eta haize bolada batek antena bota die, besteak beste.

Egoerari aurre egiteko, irailean elkarlanean hasi ziren Arabako herri mugimendu, elkarte eta eragileekin, komunitatea sendotzeko eta babes ekonomikoa lortzeko asmoz. Orain, erronka jendearengana zabaldu dute: Hala Bedi proiektuaren parte izateko gonbidapena luzatu dute, bakoitzak bere ahalmenaren arabera lagundu dezan.

“Egitasmo komunikatibo hau libre eta posible egiten duena gure komunitatearen babesa da”, adierazi dute, “halabelarriak dira, gure bazkideak, sostengatu eta eraikitzen gaituztenak”.  Harpidetza egiteko hiru modu eskaini dituzte: Internet bidez, Hala Bedi Tabernan edo irratian.