argia.eus
INPRIMATU
Uhinetan da Hala Bedi Bi, Gasteizko irrati euskaldun berria
  • Gasteizko Hala Bedi irrati librearen bigarren katea larunbatean hasi zen igortzen FMaren 88.8an. Inuxente eguna zela aprobetxatuz, 1983an huts egindako lehen emisio hura gogoratu zuten kaletik.

Urko Saenz de Buruaga 2013ko abenduaren 30

San Miguel elizaren kanpaiek eguerdiko hamabiak iragartzen zuten unean, Hala Bedi Bi-ren lehenengo irratsaioa hasi zen Faroloiaren parean. 45 minutuko saioan, euskara hutsean igorriko duen irratia aurkezteko iruzkinak tartekatu zituzten 30. urteurrena ospatzeko plazaratu zen diskoaren abestiekin.

Noizean behin igorpena mozten zen, guardia zibil berezi batzuen irrati-interferentziak zirela eta. Poliziak jaioberriaren notizia izan omen zuen eta, igorpena lehenbailehen etetearren, antena mozteko agindua ematen ari zein behin eta berriro.

Euskara hutsezko irrati baten beharra “Gasteiz hau ordukoa [Hala Bedi jaio zenekoa] baino euskaldunagoa" dela esanez justifikatu zuten. Izan ere, proiektu hau 2011n hasi zen garatzen, Eusko Jaurlaritzaren irrati lizentzien lehiaketaren harira. Gasteizen euskara hutsezko irratientzat hiru lizentzia banatu behar ziren, baina aurkezpenik egon ezean, gaztelaniazko irratiek jasoko zituzten. Hurrengo hamabost urteetan euskarazko irratirik gabeko Gasteiz baten aurrean irteera bat bilatzeko erantzukizuna ikusi zuen Hala Bediko jendeak.

Euskal musikaren berme

Lizentzia lortu ostean, prozesu guztia indargabetu zuten Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek. Hala ere, Hala Bedik proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta horren emaitza larunbatetik uhinetan den Hala Bedi Bi daukagu.

Irrati berri hau nagusiki musikala izango da hasieran, baina bestelako mikrosaioak prestatzen ari dira, “pilula radiofonikoak”. Irratitik, Hala Bedik beti erakutsi duen musika aniztasuna nabarmendu dute, beste inon entzuten ez ziren talde eta estiloen erakusleiho izanez. Martxan jarri berri den kateak, ordea, pausu bat harago joan eta euskarazko musika bermatzeko helburua duela adierazi dute.

Interneten ere entzungai

Momentuz, Gasteizen besterik entzun ez daitekeen arren (FMaren 88.8an), laster Interneten ere izango da, streaming bidez edonon entzun ahal izateko. Zentzu honetan, gogoratu behar da, Hala Bedi Bat-en irratsaioak ere Halabedi.org-en entzun daitezkeela.

Baina Hala Bedi Bi-ren lehen igorpena ez zen ondo bukatu. 12.45ak aldera, Guardia Zibilaren kotxe bat agertu zen. Hiru agente jaitsi ziren, trikornio eta guzti, antenaren bila. Irratsaioa egiten ari ziren hiru lagun atxilotu eta irratsaioa entzuteko baliatzen ari ziren bozgorailua eraman zuten.

Auto berdea urruntzen ari zela, xanpain botilak atera eta gertakizun historiko honen lekuko izan ginenok uhin euskaldunak bermatuko dizkigun irratiaren alde topa egin genion.