argia.eus
INPRIMATU
Hala Bedi, 30 urte kolpez kolpe
  • Gasteizko Hala Bedi irratiak 30 urte bete ditu eta horren harira ekimen ugari antolatzen ari dira. Besteak beste, irratiaren ibilbidea laburbiltzen dituen “Hala Bedi, 30 urte kolpez kolpe” liburua, diskoa eta dokumentala argitaratu dituzte.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 14a
Hala Bediren 30 urtetako ibilbide historikoa jasoko dituen liburu eta dokumentalaren estreinaldiaren iragarpen afixa.

Gaur, azaroak 14 osteguna, estreinatuko da dokumentala Florida zinemetan arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak Hala Bedi tabernan daude salgai eta liburua eta DVDa eskuratuko dute sarrera erosten dutenek.

Halabideo taldeak ekoiztutako ikus-entzunezkoak ordubete inguru irauten du; eta irratiaren ibilbidea eta egunerokotasuna fikzioarekin uztartuko ditu. Oscar Bañuelos kazetaria ibili da zuzendari lanetan eta Asier Ugarte arduratu da umorezko fikzio tarteez.

Bestalde, Fermin Muguruza, Jon Maia, Mariano Ferrer, Iñaki Ortiz de Villalba eta Txerra Bolinaga gisako aurpegi ezagunak arituko dira elkarrizketatzaile lanetan.

“Ahotsik ez zutenei ahotsa emateko” helburuarekin jaio zen Hala Bedi irratia 1983an. Eta ordutik 30 udaberri joan dira; urte horietan guztietan asko aldatu da jendartea, hiria, teknologia eta komunikazioa bera. Baina lan boluntarioari esker handituz eta haziz joan da proiektua eta gainerako hedabideen artean lekua egitea lortu du.