121 metroko altuera duten lau haize errota jarri nahi ditu Green Capital Development enpresak Usurbil eta Zizurkilgo lurretan, Andatza-Eskeltzu eremuan. Abeltzaintzarako larreak eta basoak daude egun bertan eta paisaiak "txikizioa" jasateko arriskua ikusten du sortu berri den Andatza-Eskeltzu Bizirik taldeak; animaliei eta abeltzainei eragingo dien kalteaz ere ohartarazi du. Herritarrak informatzeko mahai-ingurua antolatu dute uztailaren 21erako.
Badatoz berde izeneko haize errotak. Green Capital Development enpresak lau proiektu ditu eskatuak Gipuzkoan soilik: Karakate, Buruzai, Trekutz eta Eskeltzukoak. Florentino Perezekin lotura duen pertsona baten izena entzuten da enpresa honen atzean. Diru publikoz ongarrituko den lur emankorra da energia "berdeen" monopolioa, lehendik jarduera kutsatzaileetan dirua egin duten enpresarientzat. Eta Europako 2030 Agendak haizatzen du Klima Larrialdiaren banderapean sustatzen duen negozioa: izan ere, Jaurlaritzak 2030erako eolikoen alorrean jarria duen helburua da denen artean 630 MWeko indarra izango duten parke eoliko berriak jartzea, egun dauden 153 MWeko indarretik 783 MWeko indarrera igoz.
Green Capitalek Andatza-Eskeltzu gunean ezarri nahi duen 18MWeko indarreko parke eolikoaren proiektua Jaurlaritzaren Ingurumen sailean da, baimena lortzeko zain. Onarpena jasoko balu, bost hilabeteko epean eraikia legokeela dio enpresaren kronogramak. Proiektuaren arabera, 121 metroko lau errota jarri nahi dituzte, Usurbil eta Zizurkilgo lurretan, eta sortuko duen energia garraiatzeko tentsio ertaineko kableak pasatuko dituzte lurrazpitik (ia 9 kilometroan) Adunan Iberdrolak duen argi lotuneraino. Errota bakoitzaren besoek 158 metroko diametroa harrapatuko dute.
"Zizurkili geratzen zaion gune natural bakanetakoa da eta txikitu egingo dute" adierazi du Andatza-Eskeltzu Bizirik! elkarteko kidea den Ainhoa Gilek. Gogorarazi du 36ko gerrako lubakiak daudela bertan, baita sarobeak eta elur zuloa ere eta eragin zuzena izango duela miruengan, han umatzen baitira. Aranzadiren Ornitho plataformaren arabera, 2021ean 106 txori espezie erregistratu ziren bertan. Lurralde hori kritikoa da arrano, hontza eta putreentzat eta baita xaguzaharrentzat ere. Baina abeltzaintzari ere bete betean eragingo dio: "Eskeltzuko sailak pribatuak dira baina duela 20 urte baserritar elkartea egin zuten gain horretan dauden jabetza pribatu denak elkartuta eta geroztik Zizurkilgo baserritar bakoitzak aukera dauka udan ganadua hara eramateko; hau da, jabetzaz pribatua izan arren herri sail bezala erabiltzen da". Parke eolikoek sortzen duten burrunba eta uhinek ganadua izutzen dutela adierazi du, "bi jarduerak ez dira bateragarriak".
Bertako paisaia eta nekazaritza jarduera txikituta sortzen den dirua nora eramango du haizeak? Guztiona den baliabide naturalak xurgatuz sortzen bada energia, honen jabetzak publikoa eta helburuak komunitarioa behar dute izan, herritarrik ez dadin geratu energiarik gabe, pobreziak pobrezi.
Bailarako herritarrak haize erroten proiektu honetaz informatzeko eta halako proiektuen eragina jasango duten herrien arteko harremanak josteko, mahai-ingurua antolatu du Andatza-Eskeltzu Bizirik elkarteak: Green Capital enpresak Gipuzkoan egingo dituen beste proiektuen aurkako elkarteek hartuko dute hitza, baita Nafarroako Urbasa-Andia Bizirik taldeko kideek ere.
Hitzaldia uztailaren 21ean izango da, ostegunez, 19:00etan Iriarte Kultur Etxean.