Haize Berriak izeneko plataforman bildu dira Sacyr enpresak Iruñerriko iparraldean gauzatu nahi dituen proiektu eolikoen aurka dauden hainbat bailaratako plataforma. Haize Berriak plataformak manifestua egin du eta parke eolikoak eraikitzearen aurka protesta ekintza bateratuak egingo dituztela iragarri dute.
Ahotsa.info hedabideak eman du albistearen berri gaztelaniaz. Plataforman ondoko bailaratako herritarrak bildu dira: Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Txulapain, Lizoainibar-Arriasgoiti, Odieta eta Olaibar. Sacyr enpresak gauzatu nahi dituen egitasmoak baztertzeko arrazoien artean honako hauek nabarmentzen dira: habitatak galtzea, horietako batzuk komunitatearen interesekotzat katalogatuta daude; faunari eragindako kalteak, tartean desagertzeko arriskuan dauden bi espezie, hala nola, ugatza eta miru gorria, eta kontuan hartu behar dira baita ere hegaztien eta kiropteroen migrazio-bideetan izandako eraginak; mendi-erauzketek eragindako paisaia-inpaktu handia, sarbide-pistak eta plataformak, goi-tentsioko lineak eta aerogeneradoreak eraikitzean; osasunaren gaineko kutsadura akustikoa; energia-eredu deszentralizatu, eraginkor eta demokratikotik aldentzen diren makroproiektuen iraunkortasunik eza eta baso helduak suntsitzea, klima-aldaketaren aurkako borrokan ezinbestekoak diren karbono-hustubideak, IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Adituen Taldea) adierazten duen bezala.
Manifestuak dio energia berriztagarriak, eraginkortasuna, eta energia-kontsumoaren murrizketa defendatzen dituztela klima-aldaketa geldiarazteko neurri gisa. Trantsizio energetikoa sustatzeko beharra azpimarratu du plataformak, "autokontsumo indibidualean, kolektiboan eta energia berriztagarrien hurbiltasunean oinarrituta". Amaitzeko, lurra babestearen eta tokiko ekonomia sustatzearen alde egin du, "herriek bizirik jarraituko dutela bermatzeko lurraldearen kudeaketan tokiko erakundeen erabakiak errespetatzea alde batera utzi gabe".