Ekainaren 24an Abadiñoko probalekuan jokatu da 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoa. Bakoitza bere lurraldeko txapelketan nabamendu ostean, hamaika bertsolarik hartu dute parte Euskal Herrikoan. Euskalki anitzetan animoak emanaz, 230 entzule izan dituzte aurrean.
2020an etena egin ostean, 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoan kantatu duten hamaika bertsolariak hauek izan dira: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003).
Haira Aizpurua Ibargaraik jantzi du txapela eta Maddi Agirre Epelde izan da txapeldunordea. Igor Elortzak jantzi dio txapela eta Haira Aizpuruak txapeldunaren agurrean txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia egin du, eta anaiari eskaini dio txapela: "Ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari".
Xabier Irakulisek gidatu du saioa eta epaimahaia hauek osatu dute: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda. Eneritz Artetxe aritu da idazkari.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa. "Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere", antolatzaileek adierazi dutenez.