argia.eus
INPRIMATU
Hainbaten artean, bat
Pau Lluc i PĂ©rez 2024ko azaroaren 19a

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen artean, Save The Children kasu, bostetik bat naiz. Haurtzaroaren aurkako sexu-abusuak jasan dituzten, jasaten dituzten edo jasango dituzten haurren %20 horietako bat.

Bost ikusezinetatik bat naiz, errealitate hau hain da mingarria, ezen hobe baita inork ez topatzea edota atera ezingo den gordelekuan izatea. Jakina da haurtzaroa zoriontsua dela, eta familia, hazteko eta maitatua eta babestua sentitzeko leku zoragarria, eta hau eta hori guztia. Eta inork ez dezala esan ipuina ez dela horrelakoa. Bada, bai, sentitzen dut festa zapuztea, baina ume askok ez dute errealitate hori bizitzeko zorterik. Errealitatea ez da beti nahi dugun bezalakoa, eta aldatzeko aukera bakarra da aurrez aurre begiratu eta adarretatik heltzea. Eta errealitate ankerrak aitortzen digu abusuen %85 familia- eta konfiantza-inguruneetan egiten direla, %65 etxeko hormen artean, eta haurren aurkako sexu-indarkeriaren 10 salaketetatik 3tan, erasotzailea aita dela. Hala da, hau ez da Disney; izan ere, beldurrezko filmaren antza du.

Baina Pau deitzen dioten hura ere banaiz, gehiago ez isiltzeko etorri dena, hemen sortu baininduten eta hemen nago eta gauza batzuk gertatzen zaizkidan (eta zaizkigun) bezala, hemen idazten ditut eta hemen azaltzen ditut. Eta nire lankide Inma Garcíak, ACASIko lehendakariak, errepikatzen duen bezala, hitz egiten hasi gara, eta ezin diogu egiteari utzi. Argi eta ozen esaten dizuet: haurra nintzelarik sexu-abusuen biktima izan nintzen, eta ez naiz kasu arraroa, hainbaten artean bat, bostetik bat. Ulertzen da? Eta ulertzen bada, zer egingo dugu?

Isildu ez diren horietako bat naiz. Gizarte osoa gure atzean behar dugun horien artean beste bat. Edo, Gemma Pasqual idazle eta feministaren esaldi bat gogora ekarriz, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei buruz mintzagai, "abusuen biktima batek atea irekitzen duen bakoitzean komunitatea aurkitu behar du". Eta horri gaineratzen diot haurren eta nerabeen eskubideen alde antolatutako komunitatea, edozein motatako tratu txarren eta abusuen aurka babesteko prest dagoena.

Argi eta ozen esaten dizuet: haurra nintzelarik sexu-abusuen biktima izan nintzen, eta ez naiz kasu arraroa, hainbaten artean bat, bostetik bat. Ulertzen da? Eta ulertzen bada, zer egingo dugu?

Hainbaten artean, bat naiz. Ikusezinen ahotsak… ikus gaitzazuen, gure alde egin dezazuen, aski dela esan dezazuen. Aski da hierarkien gainean eraikitzen den gizarte patriarkal honekin. Ezin dugu onartu haurrak maila beherago batean kokatzen direla sostengatzen duen gizarte hau, umeak pertsona helduen jabegoa direla onartzen duen gizartea. Haurtzaroaren eta nerabezaroaren gaineko mota guztietako tratu txarrak eta botere-abusuak justifikatu eta sustatu dituen gizartea da, askotan hezkuntzaren eta maitasunaren izenean. Jipoiak, kolpeak, sexu-erasoak, neurrigabeko zigorrak eta irain ozenak izaten dira, gehienetan, gizartearen gehiengoaren gaitzespena jasotzen dutenak. Haurtzaroaren gaineko tratu txarren mendeetatik gatoz, eta zerbait aurreratu dugu. Baina ez da nahikoa, eta aitortu behar dugu gehiegizko babesa, mendekotasuna, manipulazioa, zuzentasuna, engainua, xantaia edo mespretxua haurren aurkako indarkeriaren kulturaren parte direla. Horregatik, geure burua berrasmatu behar dugu, eta tratu onaren kulturan hasi, hazi eta hezi. Haurrak ez direlako objektu pasiboak, beren bizitzako subjektu aktiboak baizik. Eta errespetu-esparru horretan ulertu behar da haurren gorputzak ez direla jostailuak, errespetatu beharreko gorputzak direla eta baimena jasotzeko eskubidea ere badutela. Bere nahiak ezin dira manipulatu. Ematen edo jasotzen duten afektua ez da inposatu behar. Hartzen dituzten erabakiak oker egon daitezke, baina hazteko erabaki egin behar da, arriskuak hartu behar dira, eta baita huts egin ere; ezin dugu errorearen kulturan finkatuta jarraitu, eta frustrazioa ikaskuntza bihurtu behar dugu. Jaso dugun hezkuntza birpentsatu eta obedientziaren kulturatik askatasunaren kulturara igaro, haurrak eta nerabeak konfiantzaz, segurtasunez eta erabakitasunez hazi.

Aski da genero-desberdintasunak iraunarazten dituen gizarte patriarkal honekin; aski da emakume otzanak eta gizon agresiboak nahi dituen gizartearekin. Horrek eskura dituen bozgorailu guztietatik –musika, zinema, publizitatea, moda, sare sozialak...– etengabean zabaltzen du kultura sexista eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen eta betikotzen den bortxaketaren kultura. Datu bat baino ez hori argitzeko: haurren sexu-osotasunaren aurkako delituetan erasotzaileen %90 gizonak dira. Eta ez, ez dira munstroak, ez dute adarrik, ezta buztanik ere; gure artean bizi dira, askotan ondo araututa eta arrakastatsu. Hezkuntza patriarkalaren semeak dira, egunero zizelkatzen ditugunak inolako lotsarik gabe.

Hainbaten artean bat naiz, eta eskatzera natorkizue biktimekiko isiltasuna hautsi dezazuela. Ez lotsatu, ez beldurrik izan. Hitz egin, hitz egin eta ez nekatu hitz egiteaz. Abusuen gaia entzun dadila etxe bakoitzean, eskola bakoitzean, aisialdi espazio bakoitzean. Izan ere, hitzak, eta ez isiltasunak, jarriko die muga erasotzaileei, eta itxaropen-bidea irekiko du biktimentzat. Eta hitz egin haurrekin eta nerabeekin tratu onei eta sexualitate positiboari buruz, baina baita botere-gehiegikeriei eta erasoei buruz ere; izan ere, Pepa Hornok dioenez, "tratu txarrei buruz haurrei ez hitz egitea –eta sexu-abusua tratu txarren modu bat besterik ez da– tratu txarrak jasateko arriskuan jartzeko modua da".

Haurtzaroaren aurkako sexu-abusuak jasan dituzten askoren artean bat naiz, bostetik bat. Eta esatera, eskatzera, agintzera natorkizue tristura, ezintasuna edo amorrua sentitzen baduzue, ez dezazuela huts egin, ez zaiteztela gelditu edo gaiari ihes egin; ez gaitzazue ezikusiarena egin. Negar egin, oihu egin, lurrean kolpeak eman edo laguntza psikologikoa ordaindu. Baina, batez ere, sumindu zaitezte eta zuen tristura, zuen ezintasuna eta zuen amorrua sexu-abusuen aurkako eta haurren eskubideen aldeko ekintza politiko eta kolektibo bilaka ezazue.

Pau Lluc i Pérez

Despulles liburua argitaratu berri du Reclam argitaletxearekin, haurren aurkako sexu-abusuei buruzkoa (ASI). ASIak prebenitzeko irakasleentzako ikastaroetan tutorea da.