argia.eus
INPRIMATU
Hainbat zauritu eta bi atxilotu ertzaintzak Legutioko Desjabetuen Hotela husterakoan
  • Legutioko Desjabetuon Hotela hustera joan da Ertzaintza gaur goizean eta zentro sozialista defendatzen ari ziren hainbat pertsona zauritu ditu eta bi atxilo eraman.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 28a

Gedar Langile Kazeta ari da Legutioko Desjabetuon Hotelaren hustearen jarraipena egiten txio bidez. Bertan irakur daitekeenez, hiru eguneko egitaraua burutu dute hustea galerazteko eta gaur goizalderako hainbat pertsona elkartu dira Zentro Sozialistaren aurrean eta besoak elkarri gurutzatuta bloke edo harresia osatu dute.

10:00 aldera Ertzaintza etorri da eta eraikinerako bi sarbide itxi ditu sarrailagileek ateetako bat zabaldu dute. 11:00 aldera ertzainak atearen aurrean jarri dira eta Zentro Sozialista hustearen aurka elkarturiko jendea parez-pare kokatu da. Ertzainek borra kolpeak eman dizkiete eta hainbat pertsona zauritu dituzte.

Bideo honetan, ertzainak lehen aldiz oldartu direneko pasartea:

Beste txio hauetan, bigarren aldiz borrak astindu dituenekoa eta eragin dituen zaurituetako batzuk:

Desjabetuon Hotelaren hainbat dinamika

2019ko abenduaren 26an hasi ziren espazio hau Zentro Sozialista moduan erabiltzen eta ordutik, besteak beste, formakuntza mintegiak egin dituzte bertan, baita Imaginate enpresak hainbat langilerekin zituen zorrak ordaintzeko eskatuz burutu zituzten ekimenak ere.

Duela 17 urte eraiki zuten espazioa, baina ez zuen erabilerarik izan herriko gazte antolatuek birjabetu zuten arte. Proiektua martxan jarri zutenean adierazi zuten haien helburua zela "gaur egun bizi dugun krisi testuinguruari aurre egiteko bidean, alternatiba zehatzak eta aterabide errealak" ematea eta herrian lehendik martxan zeuden "dinamika kultural, sozial eta politikoen erdigunea" izatea, baita espazioa "prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura" izatea ere.

2020an, pandemia betean, elkartasun sarea abiatu zuen Legutioko Gaztetxearekin batera, eta elikagaien eta bizitzeko oinarrizko produktuen bankua jarri zuten martxan.