Asteartean hainbat pertsona bildu ziren Getxoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiaren aurrean, eraikina eraisteko lanak oztopatzeko asmoz. Poliziaren oldarraldiaren ondorioz, hamar bat pertsonak jo behar izan zuten osasun zerbitzuetara, tartean, lanean ari zen Hodei Torres Hirukako argazkilariak. Asteazken goizean berriz bildu da jendea eraikinaren aurrealdean, eta eserialdia desegiterakoan beste pertsona bat zauritu dute buruan. Erietxera eraman behar izan dute anbulantzian.
Ibar Nagusien Etxea eta Gaztetxea izandako eraikina eraisteko asmoa dute Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, orubean Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzeko. Azpiegiturak enpresa astelehenean hasi zen Itzubaltzeta auzoan dagoen eraikina eraisteko lanekin, eta horretaz oharturik, eraikina eraistearen aurka dauden hainbat herritar astearte goizean goizetik eraikinaren aurrealdean bildu ziren protestan, langileei eraikinera sarbidea oztopatzeko asmoz. Ertzaintza jendeak eraikinaren ateetan sortutako harresia desegiten hasi zenean tenkatu zen giroa, eta protestan ari zirenak inguruko burdin-hesien kontra kolpeka hastean horien aurka oldartu zen Ertzaintza. Oldarraldiaren ondorioz "hamar bat" pertsonak jaso behar izan zuten osasun arreta Hirukaren arabera, baita hedabideko langilea den Hodei Torresek ere.
Asteazken goizean, 07:15 aldera, herritar talde batek berriz osatu du hesia Lope de Vega kaleko eraikinaren aurrean. Bertaratu direnerako Ertzaintzaren brigada mugikorreko hiru furgoneta zeuden inguruetan, baina lortu dute eraikinaren ateetara hurbildu eta hesia osatzea. Asteartean bezala, Hirukako kazetariak aritu dira bertatik informatzen, eta jakinarazi dutenez, 08:00ak pasatxo izango ziren Ertzaintzak hesia desegin duenerako. Esku-hartze horretan pertsona bat buruan zauritu du Poliziak, eta lurretik altxatu ezinik egon da tarte luzez, zorabiaturik. "Hasiera batean osasun langileei hura artatzea ukatu arren, azkenean, Osakidetzako anbulantzia bat deitu dute", irakur daiteke Hirukan. Zauritua osasun-zentro batera lekualdatu behar izan dute, baina ez Poliziak trabarik jarri gabe, auzokideek salatu dutenez.
Ekintzaileetako bat buruan #zauritu dute, lurrean botata dago eta auzokideek salatu dute poliziek uko egin diotela osasun langileei bertaratzea; azkenean, anbulantzia bat deitu behar izan dute.
Bitartean, langileak eraikinetara sartu ahal izan dira. pic.twitter.com/kAgY9iTk3o
— Hiruka (@HirukaEus) February 15, 2023
Ertzaintzak HIRUKA komunikazio-taldeko argazkilariaren jarduna oztopatu eta hura kolpatu duela salatu gura dugu zioen Uribe Kostako hedabideak astearte arratsaldean, Poliziak Hodei Torres zauritu ondotik. Titular horrekin publiko egindako idatzian kontatzen denez, komunikazio-taldeko argazkilaria den Torres gertatzen ari zena jasotzera joana zen Lope de Vega eraikinaren inguruetara, eta Poliziei kazetaria zela jakinarazi zien. “Haien buruarengana joan naiz, eta haren aurrean identifikatu naiz, halakoetan beti egiten dudan bezala”, azaldu du argazkilariak. Alabaina, Ertzaintzak bere jarduna burutzea oztopatu zion, indarkeria erabiliz.
Gertatutakoa lehen ahotik ezagutzeko, kazetariarekin mintzatu da ARGIA. Hala azaldu ditu nondik norakoak Torresek: "Pertsona bat atxilotu zuten, eta Polizia atxilotutako pertsona kotxez eramatera zioan unean jendea saiatu zen autoari bidea blokatzen. Orduan hasi ziren istiluak, eta Polizia borra-kolpeka hasi zen jendearen aurka. Haien artean zen polizia-burua, eta hark jo ninduen. Jo bezain laster buelta erdi eman eta erdi-ihesari eman zion, nik bera ez identifikatzeko asmoz, pentsatzen dut. Nik banekien polizia-burua zela, goiz osoa baitzeraman bertan, hasieran aurpegia bistan eta gero aurpegia tapatuta. Bere atzetik joan nintzen, buelta eman zuen arte". Identifikatu zedin eskatu zion Torresek, baina agenteak entzungor egin zion eskakizunari. Argazkilariak haren txalekoari argazkia aterata lortu zuen azkenik agentearen identifikazio-zenbakia.
Jasotako borra-kolpearen ondorioz besoan ubeldura dauka, eta mugikorra kaltetuta. Asteartean lesioaren partea eman zuen medikuarenean, eta asteazkenean salaketa jartzeko asmoa duela jakinarazi du. Hirukako lantaldeak, bere aldetik, "Ertzaintzaren gehiegikeria" salatu du , Torresen kontra jo dutelako "hasiera-hasieratik bere burua kazetari gisa identifikatu eta uneoro polizien jarduna oztopatu ez duen arren".
Goizeko gertakarien aurrean, eta Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babestea aldarrikatzeko, arratsaldeko 19:00etan manifestazioa burutu zuten. Mobilizazio horretan ere Ertzaintza manifestariei oldartu zitzaien.
Atzo, 19:00etan, eraisketaren kontrako elkarretaratzea manifestazio bilakatu zuten herritarrek, eta, horretan ere, Ertzaintza euren kontra oldartu zen.
Auzokideek, @GetxokoEHBildu eta @podemos_getxo taldeek polizien "jarrera oldarkorra" salatu zuten.#nagusienetxearomo pic.twitter.com/z4aiQGpIuM
— Hiruka (@HirukaEus) February 15, 2023
ARGIAri jakinarazi diotenez, Ertzaintza eraistearen aurkako protestetan parte hartu duten herritarrak identifikatzen ari da. Asteazken goizean txakurrarekin zioan pertsona bati identifikatzeko eskatu diote, eta hark zergatia galdetzerakoan, egunotako protestengatik identifikatzen zutela erantzun diote.