Espainiako Kontsumo Ministerioak zigortu ditu Ryanair, Vueling, Easyjet eta Volotea enpresak.
Lowcost hegaldi enpresen aurka jo du Kontsumo Ministerioak, FACUA kontsumitzaile elkarteak egindako salaketen harira. Eskuko ekipajeen gainkostuak zigortu ditu. Kontsumo araudiaren aurka joaten direla adierazi du ministerioak: “Eskuko ekipajeen prezioak hegaldiaren kanpoko gainkostu gisa jartzean, hegaldien prezio baxuen ondorioz bilatzaileetan eta konparadoreetan leku pribilegiatua dute, eskuko ekipajea prezioaren barruan sartzen duten enpresekin konparatuta”.
Iragarkietan dagoen prezioa ez da erosleak ordaintzen duen azken prezioa, gutxienekoa den eskuko ekipajea eramateagatik aparte ordaintzera behartu dituelako erabiltzaileak. Gainera, Kontsumo Ministerioaren arabera, airelineek ez dute onartzen aireportuan eskudiruarekin ordaintzea zerbitzu gehigarrien truke, eta hori araudiaren aurka doala dio.
Arau hausteak larriak edo oso larriak izan daitezke: larriak 10.001 eta 100.000 euroko isuna ezartzen du, eta oso larriak 100.001 eta 1.000.000 euro artekoak. Legez kanpoko praktiken bidez hori baino diru gehiago lortu baldin badute, arau-hauste larriaren zigorra lau edo sei aldiz irabazitakoa izan daiteke, eta oso larria baldin bada, sei edo zortzi aldiz irabazitakoa.