argia.eus
INPRIMATU
Hainbat kontzertu eta su artififzialak bertan behera utzi behar izan dituzte Donostiako Aste Nagusian
  • Donostiako Udalak eta Donostiako Piratak mugimenduak sare sozialen bidez jakinarazi zuten asteazken gaueko hainbat kontzertu eta su artifizialak bertan behera geratuko zirela. Haize-bolada indartsuengatik hartu zuten erabakia, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zarauzko Udalak ere bertan behera utzi zuen Zetak taldearen kontzertua euria eta haizearengatik. Osteguneko egitaraua mantendu dute oraingoz, aldaketa batzuekin.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 18a
Su artifizialak Donostian. Argazkia: DarĂ­o Garriido, @DarioGarridoUrd Twitterren.

Euria hasi da azkenean kostan eta haize-bolada bortitzekin iritsi da. Asteazken iluntzean hasi ziren zaparradak eta Donostiako Udalak eta Piratek abuztuaren 17 gaueko hainbat kontzertu bertan behera uztea erabaki zuten. Gainera, su artifizialak ere bertan behera gelditu ziren, haize-bolada bortitzengatik.

Donostiako Piratek Skakeitan eta 3gabe2 taldeen kontzertuak bertan behera gelditu direla adieraztean “bihotzean tristura” nabarmendu zuten, baina ardura eta segurtasuna lehentasuna izan behar direla berretsi. Hala ere, Triniko egitarauak aurrera egin zuen, karpa azpian bildu zen jendearen gozamenerako.

Donostiako Udala arratsaldeko 18:30ak aldera hasi zen bere egitaraua bertan behera uzten, lehenik Sagueseko Mitic taldearen kontzertua, ondoren erraldoi eta buruhandien irteera Antigua auzotik, Kursaaleko terrazetako programazioa segidan eta azkenik su artifizialak.

Osteguneko egitarauak aurrera jarraitzen du oraingoz, Pirata Bihurrien eguna da gaurkoa, eta haurrei zuzendutako ekintzak egingo dituzte goizetik hasita. Eguraldia dela-eta ekintza horiek Flamenka gunean izango dira.

Zarautzen ere, kontzerturik ez

Zarauzko Udalak ere sare sozialetan adierazi zuen abuztuaren 17an Zetak taldeak eman behar zuen kontzertua bertan behera gelditu dela, euria eta haizea kontra izan direlako.