Picassent, Brieva eta Estremerako kartzeletan, adibidez, birusa gogor sartu dela adierazi du. Euskal preso ugari daude horietan. Espainiako Gobernuak entzungor egin badu ere, beste behin eskatu dute ateratzeko adin handiko presoak, gaixotasun larriak dituztenak edo kondenaren zati handi bat beteta dutenak.
Sarek azpimarratu du aste hauetan Europako zenbait erakundek gobernuei eta estatuei gomendioak eman dizkietela hainbat ezaugarri dituzten presoak espetxetik atera eta etxean konfinamenduan egon daitezen. Ez Nazio Batuen Erakundeari ezta Europako Kontseiluari ere ez diola jaramonik egin Espainiako Gobernuak salatu du Sarek. Erresuma Batura eta Kataluniara ere ez dutela begiratu diote, herrialde horietan preso asko aske uzteko erabakia hartu arren.
Gaur egun presoak mundutik erabat isolatuta daudela dio Sarek, komunikazio arruntik eta berezirik gabe. Euskal presoak berriz, okerrago daudela uste dute, ez baitaukate senideekin bideo-deien bidez komunikatzeko aukerarik eta hala barrukoen eta kanpokoen osasun egoeraren inguruko kezka areagotzen da.
Motxilaren umeak ekarri ditu gogora Sarek. Kilometrotara dauden gurasoak bisitatzera joateko sakrifizioa egiten ez badute ere, aurrez aurreko komunikaziorik gabe eta bideo-konferentziarik gabe daude. Sareren ustez, alferrikako krudelkeria da eta konfinamendu bikoitza bizi dute bi aldeek.