argia.eus
INPRIMATU
Hainbat irakaslek salatu du lanean ari direla, bajan egon arren
  • EAEko ikastetxe publikoetan, bajan dauden hainbat irakaslek lanean jarraitu behar izan dute, konfinamendu garaian Hezkuntza Sailak ez dituelako ordezkapenak bete. Hala salatu dute irakasleek eurek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 28a

Gasteizko Lopez de Guereñu ikastetxeko esperientzia kontatu dute Gasteiz Hoy-n: hiru irakasle dituzte bajan eta lanean, horietako bi konfinamendu hasieratik, alegia hilabete batez. “Ikasleengatik segitu dute lanean, beren lana utziko balute ikasleek jasango lituzketelako ondorioak, edo gainerako irakasleak zamatuko liratekeelako lanez. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila langileen jarrera onaz aprobetxatzen ari da, badakitelako ez dituztela ikasleak eta irakasleak botata utziko”, diote ikastetxetik.

Lopez de Guereñutik kritikatu dute Jaurlaritzaren erabakiak ilegalki jardutera behartu dituela irakasleak.

EAEko irakasleen ordezkapenak martxan jartzeko Ordezkagune sistema apirilaren 23an jarri zuen berriz martxan Jaurlaritzak, baina ziklo amaierako mailetan dauden irakasleen ordezkapenek dute lehentasuna.