Larraineko ama-eskola publikoan euskarazko murgiltze eredua ezartzeko eskaerari ez dio erantzun Frantziako Gobernuak. Joan den ostiralean ikastetxea okupatu zuten haur eta gurasoek, baita Ortzaize, Irisarri, Larraine, Barkoxe eta Idauze-Mendiko eskolak ere, elkartasunez.
Kazeta.eus-ek jaso duenez, Larrainez gain Idauze-Mendi, Ortzaize eta Aiherrako eskolek ere murgiltze ereduaren aldeko eskaera egin zuten 2021eko otsaila inguruan, baina Larrainen ez bezala, 2021-2022 ikasturte hasierarako lortu zuten murgiltzea martxan jartzea. Larrainen aldiz, Hezkunde Nazionalaren erantzunik gabe jarraitzen dute eta gurasoak haserre dira: “Non da murgiltzerako gure eskaera? Zein da Larraineko eskola publikoarentzat den egiazko arazoa? Oroitarazte eta elkarrizketa entsegu ainitzen ondoren, deus ez da aitzinatzen”.
Gaztetatik hiztun elebidunak izateko bide pedagogiko egokiena murgiltzea dela gogoratu dute eskolek.
Irisarrin ere, borrokan
Duela gutxi kontatu genuenez, Irisarriko eskola publikoak ere euskarazko murgiltze eredua eskatua du Lehen mailako ikasleentzat. Herriko Etxea eta ikuskaria ere alde ditu, baina ez dute Frantziako Hezkunde Nazionalaren erantzunik jasotzen.