"Protesta sozialari epaiketarik ez" lelopean egin dute gaur BDH dinamikaren eragileetako hainbat kidek elkarretaratzea Donostiako epaitegian. Iazko maiatzean Nazioarteko Turismo Erakundeak kongresu bat ospatu zuen Donostian eta horren harira, Bizitza Da Handiena dinamikaren aterkipean bildu ziren eragileek borroka aste bat antolatu zuten hiriburuan.
Maiatzaren 23an, NTEko kideak Tabakaleran bilduta zirela, hainbat herritar eraikineko sarrerara joan ziren protesta egitera. Ertzaintzak jarrera oldarkorrarekin erantzun zuen eta ondorioz bertaratutako kideetako bat lurrera erori zen. Jarraian beste kide bat gainera bota zitzaion, babesteko asmoz. Biak izan ziren atxilotuak eta lehenak izan du gaur epaiketaren lehen saioa.
Protesta sozialaren kriminalizazioa salatzeko eta kideari elkartasuna adierazteko mobilizatu da gaur BDH. Irutxuloko Hitzako kazetari den Iñaki Agirrek jakinarazi du hainbat pertsona identifikatu dituela Ertzaintzak; baita identifikazioen unea filmatzen ari ziren kazetariak ere.