El Salto, La Marea, La última hora, Arainfo eta Kaos en la Red hedabideek salatu dute erasoa. Lehenengoak azaroaren 19an antzeman zuen erasoa eta La Marea-k berriz adierazi du egunak egin dituela erasoaren pean. Eraso ideologikoa izan dela uste dute hedabideok.
El Salto hedabideak jasan duen erasoa DDoS moduan da ezaguna. IP askotatik sartuta eta ‘bots’-ak erabilita, zerbitzaria erorarazten da informazio eske oldeak eginda. Informazio eskariak elsaltodiario.com/capitalismo url-ean egin dituzte erasotzaileek.
Bai El salto eta bai La Marea hedabideak Nodo 50 zerbitzarian daude ostatatuta.
El Salto-k adierazi du epaitegietara jotzea baloratzen ari dela “adierazpen askatasunaren kontrako eraso onartezina” izan delako. Eta ondokoa gehitu du hedabideak webguneko albistean: “Ez dugu onartuko informazio independentearen edo gure hedabidearen aurkako bortxarik”.
La última hora hedabidearen zuzendari Dina Bousselham-ek Eldiario.es agerkariari jakinarazi dio haien hedabideak egunetan jasan duela erasoa. Txio bidez ondokoa adierazi du: “Adierazpen askatasuna bertan behera uzteko boteretsuek duten mekanismo berria da. Prentsa elkarteak non daude hau salatzeko?”.
Magada Bandera La Marea-ko zuzendariak nahiago du zuhur hitz egin, baina uste osoa dute eraso ideologikoa izan dela “eraso dituzten webgune motarengatik eta horretarako aukeratu duten datagatik, alegia, azaroak 20, Franco hil zeneko urteurrena”.
Llevamos más de 10 días en @LUH_noticias sufriendo un DDoS. Y desde ayer también están siendo atacadas las compañeras de @ElSaltoDiario @lamarea_com @kaosenlarednet @nodo50. Los ciberataques son el nuevo mecanismo de los poderosos para acabar con la libertad de expresión. (Sigo)
— Dina Bousselham (@DinaBousselham) November 20, 2021