argia.eus
INPRIMATU
Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik
  • Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren erdiguneko diskoteka baten inguruan ukituak egitea leporatuta. Atxilotuak izan dira Iruñean, Gasteizen, Burlatan, Santsolen eta Sarrigurenen ere.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 20a
Aurtengo Sanferminetako sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea, Iruñeako gaztelu plazan.

Asteburuan sexu erasoak salatu dituzte Hego Euskal Herriko bederatzi udalerritan. Tuteran 30 urteko gizon bat atxilotu dute igandean, eta genero-indarkeriako delitua leporatzen diote 23 urteko bikotekideari eraso egiteagatik, udalerriko udaltzaingoak informatu duenez, eta Europa Press-ek jaso duenez. Gizona Foruzaingoaren bulegoetara eraman dute, eta atxilotu egin dute, epailearen esku utzi arte.

Beste bost gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista egotzita Burlatan, Santsolen eta Sarrigurenen, Berria-k jaso duenez. Iruñean hiru pertsona atxilotu dituzte, horien artean bikote bat. Gizonari tratu txarrak egitea leporatu diote, eta emakumeari arma zuriz eraso egitea. Iruñean Foruzaingoak gizon bat atxilotu du, bikotekide ohiaren etxean sartzea, hari eraso egitea, eta ume bat eramaten saiatzea leporatuta. Atxilotu eta epailearen esku utzi dute gizona, eta lau delitu egotzi dizkiote: bizilekua bortxatzea, tratu txarrak egitea, indarkeriaz lapurtzea eta sekretuak jakinaraztea. Emakumea osasun zentro batean artatu zuten, besoan zauriak zituelako.

Ondarroako osasun etxean, bestalde, Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu du, lankide bati ukituak egitea leporatuta. “Biktimak uko egin die erasotzailearen iradokizunei, eta ukituak egin dizkio bularretan eta ipurmasailetan”, adierazi du Ertzaintzaren oharrak. Gertaera igande goizeko 10:30ean izan da, eta emakumeak alde egin eta salaketa jarri du Ondarroako ertzain-etxean. Gertatutakoaren berri izatean, ertzain-patruila bat osasun zentrora joan da, eta gizona ertzain-etxera eraman dute “beharrezko eginbideak egiteko”.

Bilboko jaietako bigarren egunean hamabost lagun atxilotu dituztela adierazi du Juan Mari Aburto alkateak Euskadi Irratian, horietatik bi indarkeria matxista egotzita.

Azkenik, Donostian, 20 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, hiriaren erdiguneko diskoteka baten inguruan emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Atxiloketa goizaldeko 05:10ean izan da, Ertzaintzaren webgunean irakur daitekeenez, "biktimak Ertzaintzari jakinarazi ondoren gizon bat oldartu zitzaiola eta diskoteka baten inguruan ukituak egin zizkiola”. Sexu-eraso eta lapurreta delitu bat egotzi dizkiote, “biktimari diru zorroa ere lapurtu ziolako”. Aipaturiko diskotekaren inguruko kale batean aurkitu zuten gizona. Gaztea ertzain-etxera eraman dute “beharrezko izapideak egiteko”, eta epailearen esku utzi dute.

Gasteizen gizon bat atxilotu du asteburuan Udaltzaingoak, eta genero-indarkeriako delitua egotzi diote. Bikotekidearekin eztabaida labur bat izan ondoren, gizonak mehatxu larria egin eta eraso egin dio, Noticias de Álava-k informatu duenez. Gertaera establezimendu publiko batean gertatu zen. Gasteizen abuztuaren 15ean 32 urteko gizon bat atxilotu zuten, emakume bat babesteko agindua ez betetzea leporatuta.