"Urteak eman ditugu prestatzaile fisiko bat eta muskuluak lantzeko pisu egokiak lituzkeen gimnasioa eskatzen. Aurten lortu ditugu, baina beranduegi da. Jende gehiegik egin du ospa taldetik. Gainerako taldeekin alderatuta, baliabide gutxi dugu. Horrelakoak eskatu ditugunean, printzesa apetatsuen moduan tratatu gaituzte". Mélissa Hannouni Baionako ASB errugbi taldeko jokalariaren hitzak dira. Asteburuan planto egin zuten, baldintza txarrengatik protestan.
France Bleu irratiak jaso ditu Hannouniren eta haren taldekide Laura Delasen hitzak, ASB taldeko neskek planto egin eta biharamunean. Okzitaniako Tolosaren aurka Frantziako Kopako partida jokatzekoak ziren igandean, baina ez jokatzea erabaki zuten, Elite 1 mailako gainerako taldeekin alderatuta baliabide gutxi dutela eta taldeko arduradunek euren eskaerak aintzat hartzen ez dituztela azalera ateratzeko.
Baionako jokalariek azaldu dute gainerako taldeak erabat profesionalizatzen ari direla, haiek amateurrak diren bitartean. Azpiegitura eta prestakuntza aldetik hanka-motz daudela diote, eta ez dutela talde nahikoa handia partida guztiak behar bezala lehiatzeko, neska askok egin dutelako taldetik alde azken urteotan. "Joan bai, baina ez dugu neskak gurera erakartzeko modurik", dio Hannounik, "ez dugu baliabide ekonomikorik, etxebizitza topatzen laguntzeko bitartekorik ere ez, lana bilatzen laguntzeari dagokionez igualtsu, horrela nekez ekarriko ditugu jokalari berriak...".
"Lehen mailako jokalariak izateko eskatzen digute, baina ez digute bitartekorik ematen", gehitu du Delasek. "Kamisetarekiko maitasuna... Bai, guk barrenak hustuko ditugu zelaian, baina horrekin ez da nahikoa". Gehitu du ASB taldearen alde ari direla borrokan, "baita errugbiaren eta oro har emakumezkoen kirolaren alde ere".