argia.eus
INPRIMATU
Hainbat familiak etxetik kanpo eman behar izan dute gaua eguraldia dela eta
  • Azken egunetako euriteen ondorioz, gainezka egin dute Euskal Herriko hainbat ibaik. Zenbait errepide itxi dituzte, eta pertsona ugarik etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 17a
Bergaran luizi bat dela eta, harriak eta lurra jausi dira etxe atarietara (Arg: Goiena)

Bergaran (Gipuzkoa) izan dituzte kalterik handienak. Luizi bat dela eta, harriak eta lurra jausi dira etxe atarietara, eta 21 familia aterarazi dituzte larrialdi zerbitzuek. Donostiako Martutene auzoan ere hiru familia eraman ditu Donostiako Udalak hotel batera.

Horrez gain, Errobi ibaiak gainezka egin du Nafarroa Beherean, Donibane Garazi, Bidarrai, Uharte Garazi eta Ortzaize herrietan. Arakil ibaiak ere gainezka egin du Uharte Arakilen, Baztan ibaiak Elizondon eta Elbeten, Ultzama ibaiak Atarrabian, eta Arga ibaiak Iruñean. Gipuzkoan kalteak eragin ditu Oria ibaiak Andoainen, Urumeak Hernanin, eta Araxesek Tolosan. Araban eta Nafarroan ere, hainbat errepide eta mendate itxi behar izan dituzte.   

Euriagatik ezarrita zegoen alerta kendu dute dagoeneko, baina abisua eman dute tenperatura baxuak eta elur-jausiak direla eta.