argia.eus
INPRIMATU
Kirol estadioen edukiera murrizteak hainbat euskal talderi eragingo die
  • Espainiako Estatuko estadioen edukiera %75era eta pabilioi estaliena %50era murriztea onartu du Lurralde arteko Osasun Kontseiluak. Alaves, Athletic, Osasuna, Reala edota Baskonia, neurriak eragingo dien kluben artean.

2021eko abenduaren 30a
Argazkia: Bhgh543bgf / Wikimedia

Neurri hau 2022ko urtarrilaren 15era arte izango da hasiera batean indarrean, Carolina Darias Osasun ministroak azaldu duenez. Halaber, erkidego bakoitzak erabaki dezake establezimenduen gehienezko edukiera ehuneko horien azpitik murriztu ala ez (Jaurlaritzak, esaterako, %50eko edukiera proposatu izan du). Gaur arte, aire zabaleko kirol lehiaketetan ez zegoen ikusle mugarik, eta estadio itxien kasuan edukieraren %80a zen gehienezkoa.

Ehunekoak aintzat hartuta, bereziki Futbol Liga Nazionaleko lehen eta bigarren mailako taldeei eragingo die murrizketak, eta ACB saskibaloi ligan ari diren klubei, Baskoniari tartean, baita Euroligako partidetan ere. Gainerako euskal klubei, izan urtarrilaren 15era bitartean ez dutelako etxean partidarik jokatuko, edo ikusle kopuruek gutxitan gainditzen dituztelako aipatu ehunekoak, apenas eragingo dien neurriak.

Osasun ministroak zehaztu duenez, edukieretarako gehienezko mugez gain, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, eta ezingo da ez erre, ez jan, ez edan.