Gasteiz, Bilbo, eta Zallan gertatu dira erasoak. Gasteizeko bi erasoetako batean, erasotzailea espetxeratu egin du epaileak.
Larunbat arratsaldez Gasteizen jazo zen erasoetako bat. 39 urteko gizon batek bikotekidea sastakatu zuen labanaz. Arabako Aleak jakinarazi duenez, Koordinadora Zentralak Udaltzainen patruila bat eskatu zuen, emakume bat labanaz zauritu zutela-eta, Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batera abiatu zedin.
Udaltzainek kalean aurkitu zuten emakumea, odola zeriola. Senarrak buruan labanaz zauri bat egin ostean etxetik ihes egitea lortu zuen, eta senarra etxebizitzan giltzapetu zen bi urteko semea berarekin atxikiz.
Udaltzaingoak Ertzaintzari, anbulantziari eta suhiltzaileei dei egin zien. Emakumea ospitalera bideratu zuten, eta ertzainak etxebizitzan sartu ziren, haurraren erreskateari eta gizonaren atxilotzeari bide emanez. Gizona astelehenean pasa zen epailearen aurretik, eta epaileak espetxeratu egin du.
Igande goizaldean jazo ziren beste bi eraso, bata Bilboko Bolueta auzoan eta bestea Zallan.
Neska gazte batek Boluetako diskoteka baten inguruetan sexu eraso jasan zuen, eta honen adiskideek dei egin zioten Ertzaintzari, gertakariaren berri emateko. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, erasotzailea 25 urteko gizonezkoa da; Ertzaintzak identifikatu egin zuen eta orain ikerketapean dago, epailearen aurretik igarotzeko zain. Emakumea ospitalera eraman zuten, eta ostean salaketa jarri zuen.
Zallako jai eremuaren inguruetan pairatu zuen sexu erasoa beste emakume batek. Ertzaintzak erasotzailea identifikatu du, eta kasu honetan ere ikerketapean da.
Gasteizko Udaltzaingoak 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean, bikotekideari eraso egiteagatik. Erasoa Alde Zaharreko etxebizitza baten gertatu zen. Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, 092 telefono zenbakira egindako dei batek etxebizitzan ematen ari zen eztabaidaren berri eman zuen. Udaltzaingoak bikotea etxeko atean aurkitu zuen, eta biek onartu zuten eztabaidatu izana, baita gizonak emakumeari eraso egin izana ere.
Emakumea ospitalera eraman zuen patruila batek, eta ostean salaketa jarri zuen. Gizona atxilo eraman zuten, eta astearte goizean zen epailearen aurretik pasatzekoa.