argia.eus
INPRIMATU
Hainbat eragilek Santa Klara uharteko Hondalea arte-lanaren kudeaketaren zehaztasun eza salatu dute
  • Santa Klara uharteko arte-lana kudeatzeko Udalak proposatutako neurriak ingurune naturalaren kaltetzea eta turistifikazioa saihesteko nahikoak ez direla salatu dute Donostiako hainbat eragilek.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 26a

Ekainaren 5ean Santa Klara uhartearen irekierarekin batera egingo da Cristina Iglesiasek itsasargian sortutako Hondalea obraren irekiera publikoa. Hainbat eragilek adierazi dutenez, une hori mugarri bilakatuko da uharteko eta hiriko ekosistema soziokulturalean eta espazio hori behin betiko eraldatuko du.

Bizilagunekin plataforma, Haritzalde naturazale elkartea, Eguzki talde ekologista eta Parkea Bizirik Kukulunbera elkartea dira besteak beste proiektu honen harira kezkak azaldu dituztenak. Beste hainbat kasutan egin duten moduan, oraingoan ere, “proiektu honek ingurumenari eta hiriko balio naturalei, etenik ez duen turistifikazio prozesuari eta hiri-espazio eta -baliabideen pribatizazioari dagokionez ekar ditzakeen ondorioak” mahai gainera ekarri dituzte ohar baten bidez.

Eragileek azaldu dutenez, Donostiako Udala eta proiektuaren sustatzaileak proiektuaren balizko eragin kaltegarriak murrizteko eta bere balio natural eta soziokulturalen zaintza bermatzeko neurriak diseinatzeko prest agertu dira. Jarrera hori positiboki baloratu duten arren, hartu-eman horren emaitza ez da espero zena izan: “Zoritxarrez, masifikazioa ekiditeko helburua zuten hartu-eman hauen emaitza ez da espero bezain emankorra izan“.

Hori dela eta, uhartea kudeatzeko Udalaren planteamenduarekiko desadostasuna azaldu dute. Batetik, planteamenduak anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia uzten duela uste dute, proposamenak ez du legezko euskarririk eta “ez da administrazio mailako araudi forma jakin baten bidez egikaritu”. Bestetik, proposamenak 2021 urterako kudeaketa irizpideak baino ez ditu ezartzen eta beraz, "hurrengo urteetan ezarritako muga eta baldintzen malgutze bat eman daiteke". Eragileentzat masifikazio eta gain-esplotazio arriskuen adierazgarri dira neurri hauek.

“Ez da itsasargirako eta uharterako onartutako erabilerei buruzko inolako argibide zehatzik ematen”, dio oharrak. Ekitaldi eta bisita berezietarako ateak irekiko direla aurreikusten dute, enpresa pribatuen ekitaldiak onartuz. Donostia Turismoak hiria nazioartean gailentzeko ekimen artistiko gisa erabili du, eta hala, "itsasargia eta uhartea produktu turistiko bilakatu" dituztela uste dute. Esaterako, urrirako iragarritako bisitek 30 euroko prezio izango dute.

Azkenik, "uhartea balio natural handiko espazio preziatu bezain hauskorra" dela adierazi dute, hainbat animali eta landare espezie esanguratsuen bizitokia baita. Uhartearen kudeaketa honek eta gerta daitezkeen gehiegikeriek gunea arriskuan jartzen dutela diote, hartutako konpromezuek ez baitute behar besteko zehaztasunik.

Eragileek uhartearen babesa bermatu eta hura masifikatu eta arriskuan jartzea ekiditeko araudi eta erabilera-plan zehatz baten alde jarraituko dutela adierazi dute. Horrez gain, Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarearen baitan barneratua izateko tramitazioari ekiteko eskaera egin diete erakundeei.