argia.eus
INPRIMATU
Hainbat alderdik espetxe politikaren erreforma eskatu dute Espainiako Kongresuan
  • “Garai berrira egokitutako espetxe legedia” eskatu dute ERC, EAJ, EH Bildu, JxCat, CUP, Más País, BNG, Compromís, Geroa Bai eta Mes per Mallorca alderdiek adierazpen bateratuan.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 16a
Zaballako kartzela

Espainiako Kongresuko hainbat alderdiren Kongresuko bozeramaileek –ERC, EAJ, EH Bildu, JxCat, CUPen, Más País, BNG, Compromís, Geroa Bai eta Mes per Mallorca–, adierazpena sinatu dute presoentzako “salbuespenezko espetxe politikaren amaiera” eskatzeko, Igor Gonzalez euskal preso politikoaren heriotzaren harira.

Adierazpen bateratuan, hamar alderdi sinatzaileek honakoa eskatu diote Espainiako Gobernuari: "Garai berrira egokitutako espetxe legedia, eskubideak errespetatuko dituena, urruntzearekin amaituko duena eta euskal gizarteak eskatzen duen normalizazio, baketze eta bizikidetza eraikitzeko helburuetan oinarrituta egongo dena".

Adierazpenak gogorarazten duenez, Gonzalez irailaren 4ean aurkitu zuten hilda, Donostiako Martuteneko espetxeko ziegan. Presoak berez 2020ko martxoan utzi behar zuen espetxea, "auzitegiek ezarritako zigorraren hiru laurdenak beteak zituelako".

Gainera, hamar alderdiek sinatutako testuak jasotzen duenez, "Gonzalez gaixo eta tratamenduan zegoen, eta baldintza horiek tratamendua kartzelatik kanpo jarraitzeko aukera ekarri behar zuten".

Guzti hori dela eta, hamar alderdi horien bozeramaileek uste dute "Estatuak askatasunik gabeko pertsonen bizitza zaindu behar duela, baina kasu honetan hori ez da bete". Sinatzaileen iritziz, eskubide horiek ez betetzeak espetxean hiltzera eraman du Gonzalez, eta beraz, uste dute ez direla "haren heriotza ekidin zezaketen beharrezko neurri guztiak hartzen".

Heriotzak Euskal Herriko kartzeletan

Euskal preso politikoak lekualdatzea eskatzen duten espetxeetako egoera ez da askoz hobea ordea. Irailaren 15ean bertan, adibidez, Zaballako espetxean 32 urteko preso bat ziegan urkatu zela jakin zen. Iragan uztailean bertan 23 urteko gazte bat ere hil egin zen leku berean. 2019. urtean bost lagun hil ziren Arabako presondegian, eta urte honetan, berriz, hiru dira bertan zendutako lagunak oraingoz.