argia.eus
INPRIMATU
“Haifako etxeko giltzak eta eskriturak gordeta dauzkagu, baina suntsituta dago”
  • Azken egunetan egoera larritu egin da Palestinan, Nakbaren (palestinarren hondamena) eta Israelen sorreraren 70. urtemugan AEBek Jerusalemen enbaxada zabaldu dutenean. Palestinar zibilen mobilizazioei tiroz erantzun die Israelgo armadak; ehundik gora dira hildakoak, eta milaka zaurituak. Umeak ere bai asko. Arduraz berba egin du Anis Hawarik (Palestina, 1950), Palestinaren aldeko Biladi elkarteko kide den errefuxiatu durangarrak. Konponbiderako gakoak ere argitu ditu.

Anboto @anboto Mikel Onaindia 2018ko maiatzaren 25

1948ko judu sionisten okupazioagaz hasi zen palestinarren exilioa, eta baita zure familiarena ere.

Nire gurasoak Haifakoak ziren sortzez. Aitak trenbidean egiten zuen lan. Etorkizun handiko estatua zen Palestina, Ekialde Hurbileko erreferentzia. Haifa Mediterraneoko portu garrantzitsua zen, eta Bigarren Mundu Gerran oraindik eta gehiago. 1947an, Europako juduez betetako itsasontziak heltzen zirela ikusten hasi ziren. Palestinan estatu sionista bat sortzeko ideiagaz bideratu zituzten. Juduek Haifako goialdeak okupatu zituzten, eta handik bonbak jaurtitzen hasi ziren palestinar zibilen aurka. Jendea ihesean hasi zen porturantz eta ingeles kolonialistek prest zituzten itsasontziak haientzat. Nire gurasoak arrantzako itsasontzi batean sartu zituzten, eta Libanorantz eraman. Zorionez, Libanon sendia geneukan, eta denbora batez eurek hartu gintuzten etxean.

Beraz, ez zinen Palestinan jaio.

Libanoarra izan arren, nire jatorria palestinarra da. Gainera, niretzat dena da bat, dena da lur bera: Libano, Palestina, Jordania, Siria... Ekonomia ikastera etorri nintzen hona, andre euskalduna ezagutu eta hemen geratu nintzen. Nire anaia bat Jordanian dago, beste bat Libanon, beste bat AEBetan eta azkena Kanadan. Hiru mutil eta neska bi gara.

Bueltatu al zara inoiz Palestinara?

Haifako etxeko giltzak eta eskriturak gordeta dauzkagu, baina suntsituta dago. Palestinara joan izan naiz noizbait, turista moduan, Espainiako nortasun agiriagaz, eta Haifako etxearen hondarrak hantxe daude oraindik. Nire gurasoak ezin izan ziren bueltatu.

Juduak eta palestinarrak borrokan. Beti izan al da horrela?

Ordura arte, Palestinako musulmanak eta juduak elkarregaz bizi ziren, elkarregaz ospatzen zituzten jaiak. Nire gurasoek auzokide juduak zituzten, eta, adibidez, eurekin ospatuz bazkaltzen zuten. Judu guztiak ez dira europarrak, palestinarrak ere badaude, beti han bizi izan direnak. Izan ere, judaismoa erlijioa da, ez etnia. Sionismoak bihurtu du etnia. Etorri zirenak baztertzeko ideiagaz etorri ziren. Ingalaterrak estatu sionista inkubatu zuen, armak emanez, armada sortuz... Israelgo estatua sortu zenean dagoeneko prest zeuden.

Zelan ikusi dituzu azken egunetako gertakariak? Zer aurreikusten duzu?

Egoera uneoro larritzen doa, oso gogorra da palestinarrentzat. Jasanezina da eta edozein momentutan leher daiteke. Mobilizazioek jarraituko dute, eta beste lurralde batzuetara hedatu daitezke, unearen tentsioaren arabera.

Palestinarren mobilizazioak indartu dira, justu Israelen sorreratik 70 urte bete direnean.

1948an 800.000 palestinar bota zituen Israelek; batzuk Libanora, beste batzuk Jordaniara, Zisjordaniara, Egiptora, Siriara, Gazako mugara... Uneotan 6 milioi errefuxiatu gaude Palestinatik kanpo, eta 2-3 milioi errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dira. Nazio Batuen Erakundearen 1948ko erresoluzio batek zioen jende horrek etxera bueltatzeko eskubidea zuela, baina ez da inoiz bete. Palestinarren aldarrikapen iraunkor bat da etxera bueltarako eskubidea. Orain, itzulerako martxa sinboliko eta baketsuak hasi dituzte, eskubide hori erreibindikatzeko. Israelek, baina, armada bat bailitzan egin die aurre. 100dik gora dira hildakoak, eta kasik 12.000 zaurituak. Astakeria bat da.

Gaza da exilioaren gune latzetako bat, ezta?

Gazan gertatzen ari dena gauza askoren batura da. 365 kilometroko lerro bat da, eta 2 milioi pertsona daude bertan. Munduko dentsitaterik handiena da. Horietatik gehienak errefuxiatuak dira. 1967an juduak sartu ziren bertan, eta gerora irten arren, setio kriminala dute ezarrita. Jendea apenas sartu eta irteten da: ez medikurik, ez ikaslerik, ez gaixorik... Elektrizitatea eta edateko ura falta da. %60-70eko langabezia dago, bonbardaketengatik baliabide urriak daudelako. 10 urtean 3 gerra egon ziren, eta horrek azpiegitura eskasak utzi zituen. Horrez gainera, Europaren eta AEBen isiltasuna gehitu behar da. Horrek egoera are mingarriagoa bihurtzen du.

Etxerako bueltaz gainera, berezko estatu baten sorrera ere bada palestinarren beste eskari bat.

1947an Palestinaren zatikatzea onartu zuen NBEk, estatu judua eta arabea sortzeko. Okupatzailea izan zen Britainia Handiak ere aitortu zuen estatu palestinarra. Judua sortu dute, adostutakoa bete barik, lurrak hedatuta eta palestinarrak botata. Eta palestinarrek ezin izan dute eurena sortu. Beraz, estatu hori sortzea da aldarrikapenetako bat, Jerusalem hiriburu dela. Palestinaren garrantzia, munduarentzat, bere kokapen geografikoa da. Ekialdea eta mendebaldea banatzen ditu, eta Afrika eta Europa ere bai. Ez zen kasualitatea izan Israelen ezarpena leku horretan; Ekialde Hurbila kontrolatzea zen helburua. Eta Jerusalem da Palestina mundu arabiarragaz lotzen duen zilbor-hestea.

Eta orain Trump sartu da, Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortuta...

Trumpek promesa hori egin zuen kanpainan, juduen eta Eliza Ebanjelikoaren botoak lortzeko. Euren mito eta errelatoak dituzte hauek, juduak Jerusalemera bueltatu behar direla esanez. Baina errelato hori ez da egia. NBEk eta Unescok ere sarritan esan izan dute Jerusalemgo leku santuak musulmanenak direla, palestinarrenak. Autoritate palestinarren eta Israelen arteko elkarrizketak AEBek babestu zituzten, eta balizko akordio horiek desnaturalizatzen dabil Trump. Amerikarrek agindu gura dute Ekialde Hurbilean. Gainera, AEBek errefuxiatuei laguntza emateko sortu zuten UNRWA erakundeari ere dirua murrizten dabil. Kanpoan bizi garen palestinarrak kanpoan bizi eta disolbatu gaitezen gura du.

Zure ustez, zergatik dute hainbesteko interesa?

Herrialde kolonialisten eta proiektu arabe baten arteko talka dago Palestinan. Bertako baliabideak eskuratu gura dituzte kolonialistek, eta Israel horretarako proiektu bat da. Belikoa, hedatzailea. Sirian, Libian, Iraken, Yemenen... gertatzen ari denagaz, herrialde horien Palestinarekiko babesa ahultzen dihardute. Ekialde Hurbil osoa bereganatu gura dute, eta Errusia eta Txinaren sarrera saihestu. Ukrainan egin duten lez, baina orain hegoaldetik.

Gazaz aparte, Zisjordanian ere arazoak egon dira lurrekin...

Zisjordania Jordaniaren menpe geratu zen 1948an, eta gerora, Israelek okupatu zuen 1967an. Ordutik, palestinarrei lurra jaten ari da, kokalekuen bidez. Jendea larri bizi da, euren lurretatik botako dituzten beldurrez. Bestalde, Israel sortu zenean, palestinarren zati txiki bat, 200.000 lagun, hango mugetan geratu zen. Hasieran, erregimen militarpean egon ziren, eta gero nazionalitate israeldarra eman zieten. Baina apartheid politika garatu zuten eurekin, Hegoafrikan lez. Eskubideak kentzen dizkiete.

Etxeratzea, estatua eta Jerusalem hiriburu. Horiek dira konponbiderako giltzak?

Bai. Gainera, egiazko bakea egoteko, Israel sionizaziotik irten behar da. Denentzat izango den estatu baten barruan bizitzera heldu behar dira, multierlijiosoa, multietnikoa eta multinazionala.

Elkarrizketa hau Antobok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.