argia.eus
INPRIMATU
“Haiena oihaneko legea da, gurea ordena zuzena da”

Jon Iurrebaso Atutxa 2021eko ekainaren 02a

Artikulu honen izenburua, Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa batean Naiz-ek eta Gara-k azpimarratzen dutena da hain zuzen ere. Hots, “entzun nahi duzuen ipuina kontatuko dizuet, eta lasai egon, gure magiarekin lortuko baitugu”. Horren aurrean, ipuin hori jende jakin batentzat dela esan behar dugu.

Ez da hala lanik ez duenarentzat, edo kotizatu gabe lan egiten duenarentzat edo EREn dagoenarentzat edo…. Esaldi horrek, Erregimenari atxikitutako sindikatuenak bezala (batzuk 1936koak eta besteak 1978koa, guztiak zeharo ekonomizistak), gero eta sinesgarritasun gutxiago du euskal langileen artean. Zoritxarrez, bere klase etsaiak ikusteko zailtasun handiak dituzte, okupatzaileak zein bertakoak izan.

Demokrazia burgesak edo kapitalaren diktadurak gizarte-ordena justua sor eta euts dezakete?

"XXI. mendean sartuta, kapitalismoaren aldeko apustua egiten jarraitzea geroko belaunaldiei etorkizuna ukatzea dela uste dugu"

Euskal sozialdemokrazia, Arnaldo Otegiren hitzetan, oihaneko legearen kontrako alternatiba, gizarte ordena bidezkoa da. Hori sistema kapitalistaren barruan ezinezkoa dela ez du esaten. Hau da, gezurra esaten du, lotsagarria eta maltzurra.

Kapitalismoaren barruan ez dago egoera bideragarririk langileriarentzat. Historian zehar, Europako langile-aristokraziak gehienez lortu ahal izan duena ere, joan den mendearen amaierako zenbait hamarkadatan kapitalismoak ahalbidetu zuen gizarte-ongizatea lortzea izan da.

Hori posible izan zen oparoaldi ekonomikoetan, SESBren abantaila sozialak desitxuratzen saiatzera behartuta eta Afrikan eta Asian zituen kolonien ustiapenetik plus bat ateratzen zuen bitartean. Herrialde aurreratuez hitz egiten dugu, eta ongizate hori bere garaiko sistema kapitalistarekin konprometitutako proletario otzanarentzat.

Bizitzea egokitu zaigun garaiotan, proletario otzan gehienek ez dute aterperik aurkituko kapitalaren hegal ilunpean, gaur egun botere, interes eta kapital ezberdinen arteko borroka erabatekoa baita. Horregatik da hain beharrezkoa munduko langile-klasearen kontzientziazio-, antolaketa- eta interkomunikazio-prozesua.

Posible al da herriko polizia bat Ipar eta Hego Euskal Herriak pairatzen duen okupazio bikoitzaren eta sistema kapitalisten pean?

Herriko polizia baten ezaugarria ez da bere izena euskaraz agertzea ezta txapela eramatea ere, nahiz eta azken hau oso gorria izan. Egia esan, langile klasearen interesak, eta ez kapitalisten eta jabetza pribatu sakrosantuaren interesak, babestea da zentzua ematen diona.

Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Euskal Herrian dauden Espainiako hainbat polizia autonomikoek helburu handiagoa dute Euskal Herrian, hau da, burgesen ordena eta jabetza gordetzea. Argi esan behar da Espainiako olizia autonomikoa herritarren hautagaien artean aurki ditzaketen sentimendurik korporatiboenez, primitiboez, eskuindarrez eta atzerakoienez elikatzen dela.

Datozen lau urteetarako EH Bilduren ekarpen politikoa

EH Bilduko presidenteak aditzera ematen duenez, gainerakook ez dugu ia ezeren berri. Euskal erakunde komunistei huskeria eta infantilismoa leporatzen die eta, oro har, sozialdemokraziaren diskurtso historikoari eusten dio. Argumenturik ez dutenean, iraintzen hasten dira. Zaharak berri.

Fronte zabal baten alde egiten du. EH Bilduk EAJren oso antzeko diskurtsoa du. Logikoa da. Euskal burgesiaren zati ezberdinen artean dago kontua. Arazo nagusia da ez dutela (eta ez dutela eduki nahi) beste aukerarik gainera eroriko zaigun basakeriaren aurrean. Hots, hondamendi horretatik ongi aterako direla ustean al daude?

Iraultza orok gauzak errotik aldatzeko eskatzen duen borrokak bere eguneroko bizitza pertsonala eta familiarra baldintzatuko dituela ezin dute imajinatu. Ez daude langile-klasearen premien mailan, burgesiaren zati batena, burgesia txikiaren mailan baizik.

EH Bilduren zuzendaritzak proiektu nazionala gaurkotzeaz hitz egin digu

Mingotsa iruditzen zaigu, EITB-PNVk bezala, ergelen moduan tratatzea. Euskal langileen nazioak existitzeko eskubidea du, eta ez dago inolako zalantza "demokratikorik" horri dagokionez. Klase zapalduek beren belaunaldientzat etorkizun hobea lortzeko eta borrokatzeko duten eskubidea da axola zaiguna. Gainerako guztiak ez du interesik, klase zapalduaren

kontzientziarik ez duten dirudunentzat izan ezik.

Guk ez dugu gainerako eskubideak mugatzen edo deuseztatzen dituen eskubide burgesaz hitz egiten. Kapitalak kontinenteak deskolonizatu nahi izan zituenean, aberasten jarraitzeko egin zuen. Ez zaigu interesatzen autodeterminazioaren eskubide burgesa, diktadurapean arautuko dena, testu, denbora eta lurraldeaz. Gu oso argiak gara: Euskal Estatu sozialista eraikitzeko eskubidea exijitzen dugu. Eta burgesiak eta kapital handiak uko egiten badiote, berriro ere gure haragietan zapalkuntza nazionala eta klasekoa sentituko dugu.

Posible al da beste mundu bat sistema kapitalistaren barruan?

XXI. mendean sartuta, kapitalismoaren aldeko apustua egiten jarraitzea geroko belaunaldiei etorkizuna ukatzea dela uste dugu. Ez da soilik Euskal Iraultza Sozial bat behar, ekoizpen kapitalistaren sistema errotik aldatuko duena. Che Guevarak zioen bezala, giza faktorea presente izan behar dugu beti.

Mundu osoaren beharrak asetzean sortzen den aldaketa ekonomiko erradikala ezin izango da eman, babestu beharreko balio nagusiez jabetzen ez bagara: gizakia, bere ongizatea, hezkuntza, osasuna, aisia, berdintasuna, umiltasuna, izaera kolektiboa, konpromisoa, interesik gabe aritzea… beste herri batzuk bide beretik doazela jakitea...