argia.eus
INPRIMATU
“Haiek milionario, gu prekario”
  • Zahar etxeeetako langileak Zinemaldiaren alfonbra gorrian sartzen saiatu dira (irailak 25), baina Poliziak geldiarazi egin ditu.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Nerea Lizarralde 2021eko irailaren 27a
Donostian egindako manifestazioa. Argazkia: Dani Blanco.

 

Zahar etxeetako langileek lan baldintza duinen alde jarraitzen dute borrokan. 252 egun daramate greban. Azken bi egunetako mobilizazioez gain, gaur arratsaldean (irailak 25) Kursaalera joan dira, Zinemaldiaren sari banaketa ekitaldiaren ordu berean. Alfonbra gorrian sartzen saiatu dira, baina Poliziak bidea itxi die, eta beraz, kanpoaldean geratu dira protesta egiten eta euren aldarrikapenak oihukatzen: Haiek milionario, gu prekario. 

“Hau da aldarrikatzen duguna. Donostian eta Gipuzkoan glamourrarekin lotutako irudia proiektatu nahi dugu mundura. Kanpoko jendea eta dirudunak oso ondo tratatzen ditugu, baina hemengo langileak lan baldintza prekarioetan ari dira lanean, eta horrela tratatzen gaituzte”, adierazi du ELAko arlo soziosanitarioko arduradun Txomin Lasak.

Duela bi urteko Zinemaldian ere protesta egin zuten zaintzaileek. Zinemaldia baliatuta, ‘Zaintzaldia’ egin zuten Saguesen. Erakundeek sektorea feminizatuta eta ikusezin mantendu nahi dutela salatu zuten. Ken Loach zinemagilea Saguesera gerturatu zen langileekin egotera, eta babesa adierazi zien. Gainera, saria jasotzeko hitzaldian aipatu egin zuen haien borroka.