Aste honetan hackeatu dute Hacking Team espioitza informatikoko enpresa eta hori egitearekin batera jakin da zenbait estatuk baliatzen zituztela beren zerbitzuak. David Vincenzetti italiarra da enpresaren zuzendaria, eta faxismoarekin duen lotura salatu dute Italiako hainbat hedabidek.
WikiLeaksek Hacking Teamen e-postak interneten jarri ditu eskuragarri, eta besteak beste, Ertzaintzarekin eta Foru Poliziarekin daukaten harremana agerian utzi du filtrazioak.
Vincenzetti zuzendariak, bere mezuetan, “Boia chi molla” (borroka uzten duena da borreroa) eslogan faxistarekin agurtzen du jendea. Italiako futbol jarraitzaile ultraeskuindarrek erabiltzen dute esaldi hori besteak beste.
Duela hogei urte, borrokaren beste aldean egon zen Vincenzetti: WikiLeakseko bozeramaile Julian Assange eta Electronic Frontier Foundationeko sortzaileetakoa den John Gilmoreekin batera jendarte aske baten oinarrian pribatutasuna dagoela uste zuten “interneteko iraultzaileen” sarean aritu zen lanean.
1990ko hamarkadan cypherpunka zen egungo Hacking Teamen zuzendaria, eraso informatikoen aurkako tresnak programatzen zituen eta komunikazio seguruak izateko aukera ematen duen PGP programa kriptografikoaren babesle sutsua zen.
Azken urteetan ordea, Hacking Team enpresarekin munduko gobernu eta pertsona boteretsuenen zerbitzura aritu da Vincenzetti, lehen babestu zituen printzipioen aurka eginez. The Daily Dot hedabidean egin dute bere gaztaroko aktibitatearen errepasoa, eta Vincenzettiren aldaketa erradikala ulertzeko oso zail jo dute.