argia.eus
INPRIMATU
HABEren azterketetarako gomendio zenbait

Paulo Alberdi Sololuze 2021eko martxoaren 23a

Badatoz. Maiatzaren lehendabiziko astean egingo dira euskara-maila egiaztatzeko HABEren azterketak eta, dataren hurbiltze horrekin, ziur naiz urte-sasoi honetan inoiz baino ikasle gehiago murgilduko dela ARGIAko orrietan, azken orduko inspirazio –salbazio– bila.

Irakasle roletik, neure harri koxkorra ekarri nahi dut ikasle saiatu horiei guztiei laguntzeko, bereziki C1 eta C2 mailakoei, besteek baino erronka handiagoa baitute aurrean: iaz hirutik batek baino ez zuen lortu bi maila gorenetako langa pasatzea.

Titulurako bidean geratu ziren gehienek idazmen-proban egin zuten huts. Horregatik, albait laburren, eta azterketa idatzian izango dituzten ditxosozko bost parametroak oinarri hartuta, ondo gogoratu beharreko arau batzuk bilduko ditut. Erne, beraz, azterketari-irakurleak.

"Irakasle roletik, neure harri koxkorra ekarri nahi dut ikasle saiatu horiei guztiei laguntzeko, bereziki C1 eta C2 mailakoei"

Egokitasunean, ondo ulertu zein den enuntziatuan planteatutako zeregina eta saiatu hertsiki lotzen eskatutakoari. Testu honetan, esaterako, zuei laguntzea hartu dut egitekotzat eta helburua betetzeko iritzi-artikulu bat idatziko dut, narrazioz baino preskripzio gehiagoz osatua, eta aholku-emailearen roletik. Idatzitakoa balekoa izango da, irakurketa amaitzean laguntza-izpiren bat helarazi badizuet.

Koherentzian, kontu handia izan juntagailu eta antolatzaileekin, garrantzitsuak baitira testuko ideien hurrenkera egokia izan dadin. Hasteko, gogoan izan “lehenik” erabiltzen baduzue, baitezpada “bigarrenik” idatzi beharko duzuela. Horrez gain, ez duzue “bestetik” ipiniko, aurretik “batetik” ipini ezean. Arestiko bi horiek nolabaiteko bikotea osatzen dute. Aurrera egin ezinik geratuz gero, jar ezazue “bestalde”, ia-ia beti funtzionatzen du eta.

Kohesioan, gogoan izan puntuazioari dagozkion urrezko bi arau. Lehenengoa: subjektuaren eta aditzaren artean ez dugu komarik jarriko (“Hori kontuan izateak *(,) berebiziko garrantzia du idazmen-proban”). Bigarrena: aditz nagusiaren eta konpletiboaren artean ere ez dugu komarik jarriko (“HABEren zuzendari nagusiak jakinarazi du *(,) apirilaren 6tik 14ra izango dela izena emateko epea”). Zalantzarik baduzue, ez ezazue komarik jarri, gehiago baitira koma jartzearen arriskuak ez jartzearenak baino.

Aberastasunean, hiztegia eta errepikapenak tentuz zaintzearekin batera, adi ibili hau/hori/hura erreferenteekin. Oro har, elementuaren ordaina aurrez adierazi baduzue (anafora), bigarren gradua erabiliko duzue aurrez adierazitako *horren erreferentzia egiteko. Erreferentzia ondoren esango baduzue (katafora), berriz, ondorengo *hau lehenengo graduaren bidez jasoko duzue. Anaforak eta kataforak bereiztea lagungarria izango zaizue testuaren zehaztasunean eta aberastasunean.

Zuzentasunean, kalko okerrez jositako bidean sigi-saga ibili beharko duzue. Zinez asko dira zulora erortzeko arriskuak. Juan Garzia Garmendiaren terminologiari jarraiki, hor ditugu bezala ustela (aholkulari *bezala diotsuet), ezberdin izenondo-a (azterketan zehar zalantzak *ezberdinak izango dituzuela) edo gerundio narratiboa (bide errazetik jo aurrera, arriskuak hurrengo batean *hartuz). Eta askoz gehiago. Dena izan daiteke kalkoa, esaldiari begiratzen diona nor den.

Bakotxa bere zoroak bizi dau esan zuen Peru Abarkak eta, ezbairik gabe, aztertzaile bakoitzak ere bere obsesioak ditu: urliarena egokitasuna izango da, sandiarena juntagailuen erabilera, berendiarena erreferenteak. Denak ondo egitea komeni zaizue, ez baitago modurik jakiteko zein den zuen azterketa zuzenduko duenaren zoroa.

Idazmen-proba gainditzea zaila izango da, ados, baina ez ezinezkoa. Artikulu hau idatzi duenak lortu zuen, eta testua gogotik larrutuko luke aztertzaile batek baino gehiagok, horretarako parada izanez gero. Ez larritu gehiegi, beraz, eta idatzi konfiantzaz.

Bide batez, honaino iritsi bazarete, gainditzeko benetako trikimailua kontatuko dizuet. Peru Abarka edo antzeko klasikorik aipatzerik baduzue, bidearen zati bat aurreratuko duzue. Tartean, disimuluz, esamolde edo esaeraren bat sartzen baduzue, gainditzeko beste harri koxkortxo bat ekarriko duzue. Zer esanik ez, urlia, sandia, berendia edo antzeko bitxikeriarik aipatuz gero. Memelokeria horiek irakurrita inor ez da ausartuko zure idazlana suspenditzen.

Hala izan bedi. Zorte on azterketari guztioi.