argia.eus
INPRIMATU
HABEren azterketetarako gomendio zenbait (II)

Paulo Alberdi Sololuze 2021eko azaroaren 03a

Azaroaren 11n argitaratuko ditu HABEk bigarren deialdiko idazmen-probetako emaitzak eta, horrela bada, azken helmuga pauso bat gertuago izango dugu titulua eskuratzeko azterketa-prozesuan katramilatuta gauden makina bat lagunek, hala zuzeneko protagonistek –ikasleek, irakasleek, aztertzaileek– nola zeharkakoek –gurasoek, bikoteek, bestelako hurkoek–.

Egun horretantxe ekingo diote amaierako txanpari idazlana gainditzen duten zorionekoek. Itxaropentsu bezain urduri, konturatuko dira bi aste eskas baino ez dutela ahozko-proba prestatzeko eta hasiko dira haien inguruko guztiak aztoratzen, mintzamena lantzeko edozein aukera baliatu nahian.

Errukirik ez. Beste zenbaitek hilabeteak daramatzate ezinegon horretan, mintzamen-proba noiz helduko zain, aurreko deialdian idazmeneko zatia gainditu ostean titulurako azken urratsean egin baitzuten huts. Uztaila erdialdetik 10 minutuko saio baten zain, errepikatzaileek ere laster jakingo dute noiz izango duten berriro azterketa madarikatua.

Batzuentzat eta besteentzat, mintzamen-probarako gomendio batzuk bilduko ditut jarraian, guztioi ere atakatik onik irteten laguntzeko asmoz. Ea bada!

Bat. Aprobetxatu saioko edozein une zuri buruzko datu interesgarriren bat aipatzeko. Besterik ezean, izan dadila bizilekua: aztertzaileen kuriositatea piztuko du atzerrian jaiotako ikasleak eta, era berean, onespena jasoko du herri euskaldunekoak eta barkaberatasuna inguru erdaldunekoak. Zaren tokikoa zarela, zure aldekoa izango da ondo hautatutako aipamen biografiko txikiren bat egitea.

"Guztiok kontatzen ditugu hobeto guri gertatutako gorabeherak ideia abstraktuak baino"

Bi. Guztiok kontatzen ditugu hobeto guri gertatutako gorabeherak ideia abstraktuak baino. Ahal izatera, beraz, egokitzen zaizun gaiari buruz hitz egin zure bizipen propioetatik abiatuta, eta ez galdu haria orokortasunetan. Barazkijalea bazara, inoiz telelana egin baduzu edo ligatzeko modu berriei beldur badiezu, ez izan dudarik, hortxe duzu gaia jorratzeko mamia.

Hiru. Batek baino gehiagok uste du ahalik eta gutxien hitz egitea dela gainditzeko biderik zuzenena, horrela ez duelako akatsik egingo. Ezta hurrik eman ere, hori egiten duenak espero duenaren kontrako inpresioa eragingo du: epaimahaikoek pentsatuko dute ez duela gaitasunik nahi duena adierazteko eta horrexegatik geratu dela mutu. Ahoa bete hitz, inork ez du-eta azterketa gainditzen txintik esan gabe.

Lau. Baliteke aztertzaileek galderaren bat egitea, esandako zerbaitek zalantza sortzeagatik, eskatutako denbora ez betetzeagatik, edo dena delakoagatik. Ez larritu, eta baliatu epaimahaikoen galderak zure alde. Errealzaleek ulertuko dute ondoen: gainetik urrundu beharreko baloia baino, imajinatu behar duzue Mikel Oiarzabal zaretela eta penaltia jaurtitzeko aukera duzuela kopako finalean. Horixe da aztertzaileen galdera, ez gutxiago.

Bost. Akatsen bat egiten baduzu, demagun subjektuaren eta aditzaren arteko komunztaduran (-ak/-ek), tentazioa izango duzu arrapaladan aurrera segitzeko, hitz-jarioak akatsa disimulatuko duelakoan. Argi dago hori ez dela estrategiarik burutsuena, batetik, aztertzaileak ere konturatuko direlako hutsegiteaz eta, bestetik, gelako aparatuetan dena grabatuta geratuko delako. Akatsa eginez gero, aurrera jarraitu beharrean, gelditu eta errepikatu esaldia oso-osorik. Autozuzenketa beti izango da puntu positiboa.

Sei. Proba binaka egin behar baduzu, bikotearen jardunagatik kezkatzeak ez dizu mesederik egingo. Ongi egiten badu, ongi egiten duelako, eta gaizki egiten badu, horrexegatik beraxegatik, urduritasuna besterik ez dizu eragingo harekin alderatzeak. Beste horrenbeste epaimahaikoekin: irribarre egin duten ala ez, zer apuntatu ote duten eta antzekoek ez dizute inolako ondoriorik ateratzeko balio izango.

"Zuzentasuna garrantzitsua da, baina ez sakrifikatu zure diskurtso osoa haren alde. Ororen gainetik, saiatu naturaltasunez jarduten"

Zazpi. Zuzentasuna garrantzitsua da, baina ez sakrifikatu zure diskurtso osoa haren alde. Ororen gainetik, saiatu naturaltasunez jarduten eta mantendu zure ohiko izaera, jariotasuna, hitzen ebakera eta bestelakoak. Lotsarik gabe erabili zure euskalkiko hitzak eta, horretarako beharra baduzu, lotsarik gabe egin negar. Ez zara hori egiten duen lehena izango, ezta azkena ere.

Aholkuak, aholkuak, aholkuak.

Guztiok jakitun gara bi astean ez dagoela gure mintzatzeko era sobera hobetzerik, hori egunero landu beharreko kontua delako, tipi-tapa. Badakigu, halaber, azterketako egoera guztiz artifiziala dela, estualdi galanta guztiontzat, baina ez dagoela egoerari aurre egitea beste erremediorik. Errematatzeko, kanpotik gomendioak ematea izugarri erraza den arren, esaerak argi dio: "aholkurik ez du inork beretzat eta bai besterentzat".

Esaerak esaera, espero dut hemen bildutako zazpi puntuek bultzada txiki bat ematea azterketa egin behar duzuen guztioi, gainditu berri nahiz errepikatzaile, Sestaoko nahiz Ordiziako, futbolzale nahiz futbolfobo. Abenduaren 20an publikatuko ditu HABEk behin betiko emaitzak eta orduan amaituko dugu agoniazko etapa hau.

Opari asko ekarriko ahal du aurten Olentzerok!