argia.eus
INPRIMATU
HABEren azterketak prestatzeko aplikazio bat aurkeztu dute
  • Bai&by Fundazioak “HABE azterketak” aplikazioa garatu du. B1, B2 eta C1 mailako azterketa-ereduak dauzka eta aukera ematen du euskara-mailaren diagnostikoa egiteko.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 18a
Bai&by Fundazioak garatu du aplikazioa eta HABEren oniritzia jaso du. / Argazkia: bai&by.

HABEren azterketak prestatzen ari diren ikasleentzat eskuragarri jarri dute "HABE azterketak" aplikazioa, zenbait gailutarako baliogarria: mugikorrerako, tableterako eta ordenagailurako. Bai&by Fundazioaren proiektua da eta HABEren oniritzia jaso du; aurreko azterketa-eredu ofizialak bertan zabaltzeko baimena eman diete. Lau hizkuntza-trebetasunetako ariketak daude, alegia, irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena.

Jokin Azkue HABEren zuzendariak azaldu du aplikazio "polita eta erabilgarria" dela. Izan ere, ariketa-sortak eskaintzeaz gain, erabiltzaileei diagnostiko bat egingo die euskara-maila neurtzeko eta jakinarazteko ea prest dauden azterketa gainditzeko. Azkuek nabarmendu du iaz gutxienez 20.000 ikaslek eman zutela izena azterketa egiteko eta, aurten, 27.000 inguruk.

Erregistratu ostean, erabiltzaileak aukeratu beharko du zein mailatan trebatu nahi duen: B1, B2 ala C1. Diagnostikoa egiteko abiapuntuko euskara-maila hartuko da oinarritzat eta, horren arabera, ariketak egiten joan ahala estatistikak eta arloz arloko emaitzak erakutsiko ditu aplikazioak. Tresna honen bitartez ikasleak jakin ahalko du nolako bilakaera izan duen. Bai&by-ren orrialdean aurkitu daitezke aplikazioaren xehetasunak.