Bidaxuneko bi etxaldetan eta Amorotzeko batean agertu da H5N8 birusa, baita Zuberoarekin mugan den Lixoze herriko bi etxaldetan. Nahiz eta prefekturak oraindik baieztatu ez, baliteke Bardozen ere zabaldu izana birusa. Frantziako administrazioaren erabakiei segi, birusa agerturiko gunetik bost kilometroetara dauden hegazti guztiak hiltzera behartuak dira laborariak. Logika horren kontra da ELB sindikatua eta 2017an bezala, desobeditzeko determinazioa dutela argi utzi dute sindikatuko laborariek. Hau guztia hobeki ulertzeko bost hitz-gako jarraian: "Hegazti gripea"; "Hiltze prebentiboak"; "Kriaxera"; "Nekazaritza industriala" eta "Herri-harresia".
Hegazti gripea "A motako influenza" izeneko birusak eragindako eritasuna da. Hegazti basatiak edota etxeko/hazkuntzetako hegaztiak kutsatuak izan daitezke. Birus horiek ia beti transmititzen dira hegaztien artean, baina, noizean behin, birus horietako batek gizakia kutsa lezake. Eskerrak, oraingoz ez da gizakien arteko kutsatzerik –eta birusa hegaztietatik gizakira pasatzen denez, arras pertsona gutti dira H5N8z kutsaturik, gizaki gutxi dagoelako hegaztiekilako harreman hurbilean bizi–.
Birusaz bezain bat, birusari begira harturiko neurriek dute kezka eragiten hegazti hazleen artean. Hain zuzen, izurriteari aurre egiteko gisan, hegaztien hiltze prebentiboak bideraturik ditu Frantziako administrazioak. Hala nola, birusa agerturiko gunetik bost kilometroetara dauden hegazti guztiak hiltzera behartuak dira laborariak. Ipar Euskal Herriaren kasuan, hainbat etxalde dira manu horren menpe, ikusirik birusaz kutsaturiko hegaztiak atzeman dituztela Amorotzeko, Bidaxuneko eta Lixozeko etxalde batzuetan. Baliteke Bardozen ere izatea kasu batzuk, baina ez du informazioa oraindik baieztatu prefekturak. Egoera ez doa hobetuz eta astez-aste emendatuz doa erabakiaren menpe diren herrien zerrenda. Abenduan agertu zen berriz ere hegazti gripea eta azken asteetan bi milioi hegazti dituzte "prebentiboki" hil.
Krisiari aurre egiten laguntzeko asmoz, Ipar Euskal Herria eta Biarnoa biltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduak 500.000 euro banatuko ditu. Horren berri eman du Kontseilu Nagusiak aste hasiera honetan. Frantziako Estatuak banaturiko RSA diru-laguntza jasotzeko bidea hegazti hazleei errazteko konpromisoa ere hartu du Kontseilu Nagusiak. Horrez gain, ongi-ezak saihesteko bidean, psikologo, gizarte laguntzaile zein MSA laborarien aseguru sozialarekin ere elkarlana garatuko du instituzio horrek. Paraleloki, azterketa eta gogoeta lana abiatuko dute gaitza hobeki ezagutzeko eta aterabideak lantzeko. Baina anartean, arazoak bere horretan segitzen du, laguntza hauek mina ttipitzeko balio badute ere.
Hiltze prebentiboak ez dituzte onartzen ELB sindikatuko laborariek. "Krisi honen hastapenaz geroztik ELBk kabale sanoak kopuru handian hiltzeko erabakia salatzen du fermuki, jokamolde horrek bere mugak erakutsiak ditu aspaldian". Osagarri onean diren hegaztiak ez dituzte hiltegira bidaliko, eta behar izanez gero, 2017an bezala herri-harresia eraikiz, desobedituko dituzte neurri administratiboak. Funtsean, hiltze prebentiboen neurriarekin bideratu "masakrea" salatzeko mobilizatuko dira larunbatean, urtarrilaren 30ean 14:00etan Donapaleuko merkatu plazan.
2017an azkarki mobilizatu ziren ELBko kideak, eta hiltze prebentiboak errefusatzeko mobilizazioagatik 5.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuen sindikatuak. ELBko lehendakari Panpi Sainte-Marie eta Barkoxeko Ühartia etxaldeko Cathy Xabalgoiti epaitu zituzten, ahate hazlea azkenean, errugabetuz. Ehunka herritarren sustengua jaso zuten laboriek.
Tokiko ahate arraza da kriaxera, eta laborari batzuen erabaki politikoa ez balitz, desagerturik genuke –produktibismoak beste arrazetara bideraturik ditu hazleak–. Hegazti gripearen krisi honetan kriaxera arrazaren geroa ere da zalantzan jarririk. Hain zuzen, kriaxera arrazako ahatekumeak hazten dituen etxalde bakarrean agertu da birusa, Bidaxunen, eta Euskal Herriko kriaxera etxalde guziak hornitzen ditu. Ahate arraza honen desagertzeko arriskua handia eta erreala da.
Kriaxeren hiltze prebentiboak ez dituzte onartzen hazleek, justuki 2017ko izurritean kutsatu baziren ere, birusa gainditzea lortu zutelako ahate hauek. ELBk dioenez, birusean positibo eman badute ere, ahateak "ez dira eri", eta antigorputzak garatu dituzte. Sinetsi edo ez sinetsi, 2017ko bizipenak hor dira froga gisa. Hori horrela, esperimentazioa plantan emana izan da, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbara, ELB sindikatua eta Euskal Hirigune Elkargoaren sustenguarekin. Ekimen berri honi segi, "hamabost eguneko hetsialdian atxikiko dituzte animaliak, tokiko kriaxerak birusarekiko duen erresistentzia egiaztatzeko". Ahateen hiltzeari dagokionez, oraingoz kriaxeraren arrazarekin salbuespena onarturik du beraz prefekturak.
Arazoa da COVID-19arekin bezala, begirada birusara mugatzen baldin badugu eta izurritearen jatorriari ez badiogu begiratzen, arazoa errepikatuko dela gerora ere. 2017an jada ikaragarri bortitza izan zen H5N8aren izurritea eta badirudi 2021 honetakoa ere ordukoa bezain gogorra izango dela. 2017az geroztik, geroz eta osasun neurri zorrotzagoak hartu behar izan dituzte ekoizleek, hegazti basen eta hazkuntzetakoen arteko kontaktuak mugatzeko. Hala eta guztiz ere beste izurrite baten garapena ez dute saihestu ahal izan. Benetako arazoa, nekazaritza ereduan dela diote geroz eta aditu gehiagok, tartean ELB eta Confederation Paysanne sindikatuek. Etxalde industrialak "bonba biralak" direla argi dute hauek.
Geroz eta intentsiboagoa eta industrialagoa da hegaztien hezkuntza, eta kontua da animalien metaketek eta garraioek birusaren hedapena ahalbidetzen eta errazten dutela. Gainera, genetika selekzio guztiak produktibitatearen mesedetan eginak direnez, azkenean, ingurumenean dituzten erasoei begira askoz ahulago dira –tartean birusak–.
Azkenean, gerora H5N8 ala bestelako birusen hedapena mugatzeko, laborantzaren sektoreari buruzko benetako gogoeta eraman behar litzateke, kalitatezko nekazaritza herrikoiaren aldeko neurri ausartak bideratuz.