argia.eus
INPRIMATU
Guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu ditu Itaiak
  • Zaintza sektoreko langileen baldintza txarrak eta zaintza zerbitzuen kalitatearen okertzea salatu dituzte. Sektore feminizatuetan borrokan diharduten emakume langile asko batu dira mobilizazioetara; Correosek eta beste hainbat enpresak azpikontratatutako garbitzaileak, Txorierriko SAD enpresako etxez etxeko langileak, edota jangeletako hainbat eragile.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 01

Milaka pertsonek Hego Euskal Herriko kaleak hartu dituzte ostegun honetan Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean deituriko mobilizazioetan. Zaintzaren auziak “emakume langileon bizitzetan eragiten duen zapalkuntza” salatu eta horrekin bukatzeko “gizarte sozialistaren aldeko aldarria” zabalduta. Itaiak adierazi du beharrezkoa dela pertsona zein jardun oro sozialki aitortua izatea eta beraz, zaintza-lanen sozializazioaren eta guztiontzako soldata berdintasunaren alde borrokatzea. Horretarako, “zaintza lanen ardura gizarte osoarena bihurtzea” eta “lan-banaketa sexualarekin amaitzea” beharrezkotzat jo ditu.

Seinalamenduak

Mobilizazioez gain, enpresa eta erakundeak ere seinalatu dituzte “soldatapeko zaintza-lanetako miseriazko baldintzen bidez negozioa egiteagatik”, edota emakume langileen eskubide politikoak urratzeagatik. Correoseko garbitzaileek, esaterako, sei hilabete daramatzate kobratu gabe, eta Gasteizen (Araba) aurreneko ordutik blokeatu dute Correoseko egoitza zentrala. Gainontzeko herri askotan ere markajeak egin dituzte, garbitzaileekin elkartasunez.

Zaintza-lanetan borrokan dihardutenei aitortza

Itaiak gogoan izan du zaintza-lanak egiten dituzten emakumeei sistematikoki kentzen zaiela beren eskubideak defendatzeko aukera, eta etengabe urratzen dituztela beraien eskubide politikoak. “Greba egunean enpresariek %100eko zerbitzu minimoak inposatzea” horren adibide izanik. Uneoro nabarmendu dituzte, finean, “enpresarien eta nagusien mehatxu zein erasoen gainetik”, borrokan diharduten emakumeak: Correoseko garbitzaileak, adineko pertsonen egoitzetako langileak, etxez-etxeko langileak, udal eta foru azpiegituretako langileak, CAFeko garbitzaileak eta jantokietako langileak.

Antolakuntza independentea eta borrokan jarraitzeko deia

Itaiak, berriz ere egin dio azpimarra “emakume langileok gure interesak erdietsiko dituen antolakuntza independentearen aldeko” hautua egiteari, baita “enpresarien eta instituzioen interes politikoetatik kanpo” antolatzeko premiari ere. Horretarako, adierazi du beharrezkoa dela borroka bakoiza Estatu Sozialista eraikitzeko bidean kokatzea: “Konpromiso osoz eta modu desinteresatuan emakume langileon interesen alde borrokan jarraituko dugu, emakumeon emantzipazio osoa eta gizarte sozialista askea eraiki arte”.

Argazkia: Gedar
Argazkia: Gedar