argia.eus
INPRIMATU
Guztiontzat Egia, arrazakeriari eta Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteko sarea aurkeztu dute
  • Donostiako Egia auzoan, azken hilabeteetan, bizilagunen artean segurtasunaren inguruko kezka handitu da, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 27a

Ostiralean, Donostiako Egiako Blas de Otero plazan aurkeztu dute Guztiontzat Egia Auzotar Sarea kolektibo berria.

“Kale gorrian bizi diren, etxebizitza baldintza duinetan eskuratzeko aukera duten, edo baldintza oso prekarioetan bizi diren pertsonen kopuruak gora egin du azken urteetan”, eta haien segurtasuna eta ongizatea bermatu beharra azpimarratu dute.

“Gure kaleetan Poliziaren presentzia geroz eta nabarmenagoa izanik ere, uste dugu Egia segurua zaintza sare kolektiboak eta elkarbizitzaren indartzeak ekarriko duela. Kontrol polizial arrazistak egiten dira uneoro eta etengabe egiten dira arrazoi fenotipikoek bultzatutako jazarpen eta miaketak”, salatu dute. Blas de Otero plazan, bereziki dela nabarmena Poliziaren presentzia adierazi dute. Igandean bertan, aurkezpenak iraun zuen ordu eta erdi eskasean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hiru patruila izan ziren plazan.

Ekimenak

Taldean parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute. Dtorren otsailaren 28an, Teila Fabrikan bilera egingo dute, 19:00etan. Data batzuk oraindik baieztatuta ez badituzte ere hurrengo hilabeteei begira ondorengo antolatuko dituzte:

  • Martxoaren 5an, zineforuma: En La Calle Dokumentala Teila Fabrikan.
  • Zurrumurruen Ikastaroa: estereotipoak berrikusi, zurrumurruak eten eta hainbat egoeretan erreakzionatzeko estrategiak garatzeko ikastaro praktikoa.
  • Segurtasun eredu komunitarioak ezagutu eta lantzeko jardunaldiak. Manresako esperientzia oinarri hartuta, ereduaren gaineko debatea zabaldu nahi dute auzotarren artean.
  • TXAGOko kideekin tailerra: “Auzo segurtasuna: Poliziaren jazarpenari aurre egiteko estrategia herrikoiak”
  • Iruñeko Txantrea auzoko Jakitoki egitasmoaren eta Kaleko Afari Solidarioen arteko solasaldia.