argia.eus
INPRIMATU
Guztiontzat eta guztion artean diseinaturiko herria helburu
  • Genero ikuspegiari arreta berezia eskainiz, herritar guztien beharrak aintzat hartuko dituen hirigintzari buruzko jardunaldiak egin dituzte Barakaldon, Ekin Hiriari lantaldeak antolatuta. Pertsona guztientzako herria eraikiz izan da goiburua, guztien parte-hartzeak eraldatuko duen herria irudikatzea izan baitute xede.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko martxoaren 17a
Barakaldoko bizilagunek herria eta herriko azpiegiturak aztertu zituzten (Argazkia: Herrikolore).

Kolore anitzeko betaurrekoak jantzi beharraz, hirigintza demokratizatzeaz eta parte-hartzearen garrantziaz jardun zuten profil ugaritako 140 lagunek baino gehiagok. Pertsonen ongizatearen gainetik etekin ekonomikoa lehenesten duten eliteek diseinaturiko hirigintza ereduaren kontsumitzaile izan ordez, herritarrak subjektu aktibo izatearen beharra azpimarratu zuten jardunaldiotan.

Herrikolore webgunean egin duten laburpenaren arabera, ondare historikoa errespetatzeaz aritu zen Iñaki Uriarte arkitektoa, espazioen berrerabilera sustatzeko eta herritarrak espazio horiekin identifikatzeko helburuz; nekazari eta natur guneak babestearen garrantzia nabarmendu zuen Eguzki talde ekologistako Iratxe Garridok; herritarrek politika instituzionalean eragiteko dauden oztopoez mintzatu zen Txiki Castaños bizilaguna; minusbaliotasunen bat dutenak aintzat hartzeko traba arkitektonikoak ezabatu beharraz aritu zen Rosalia Cuadrado Feekor-eko kidea; eta emakumeak kontuan hartzeko hainbat neurri proposatu zituen Iraide Kareaga mugimendu feministako kideak: hala nola, kale izendegian emakumeak gehitzea, puntu beltzak ezabatzea edota zaintzarako azpiegitura eta baliabide gehiago eskaintzea.

Espazio urbanoaren dimentsio soziala, espazio horien erabileraz eztabaidatu beharra, parte-hartzea benetakoa izan dadin jarri beharreko neurriak, hiriaz eta hiriko azpiegiturez barakaldoarrek eurek dituzten iritziak eta beharrak... ere izan zituzten mintzagai hiru egunetan, argi utziz espazioa ez dela neutrala, harremanen eta gizartearen eragile dinamikoa baizik.

Adibide parte-hartzaileak

Jardunaldiak amaitzeko, herritarren parte-hartzea abiapuntu izan duten hainbat esperientzia erakutsi zituzten. Barakaldoko San Luis eta Berko auzoak zaharberritzeko prozesuak aurkeztu zituzten bertako bizilagunek; Pasaiako Herrera auzoarentzat hirigintza proiektua adosteko bizilagunek emandako urratsak azaldu zituen auzo elkateko kide batek; ikuspegi feministatik espazioen autogestiorako Emakumeak lanean gidaren berri eman zuten Punt6 kolektibokoek; eta herriaren eraikuntzan umeak erdigunean jartzen dituen Oarsoaldeko Irrien Lagunak elkarteko kideak aritu ziren azkenik.

 

Jardunaldiez bideo bi egin dituzte Herrikolorekoek: