argia.eus
INPRIMATU
Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak
  • Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.

Imanol Saiz Bidasoaldeko Hitza 2023ko martxoaren 08a

Alarde Fundazioak jakinarazi berri du Guztion Alardea taldeko ordezkariekin bildu berri direla, udaleko talde guztiekin, elkarteekin eta taldeekin izandako bilera sortari jarraipena emanez. Bertan izan ziren fundazioko Gregorio Alkain lehendakaria, Maitane Etxebeste eta Josema Casares lehendakariordeak, eta zuzendaritza kontseiluko zenbait kide. Guztion Alardearen izenean izan ziren Telmo Sagartzazu, Leire Mendizabal, Iker de la Linde eta Eneko Gonzalez.

Lehenik eta behin, bilera horretan diote bi aldeek “oso positiboki” baloratu zutela “iazko irailaren 8an istilurik gabeko giroa berreskuratu izana”.

Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute. “Guztion Alardeak taldeak, Alardeak berak, Agintarien Batzordearen eta Alarde Fundazioaren bitartez, aldaketa proposamenak balioesteko eta onartzeko dituen antolamendu mekanismoak eta formulak ez zituztela ezagutzen agerian gelditu zen. Alarde Fundazioak argi utzi nahi izan zuen, Alardea bizirik dagoela, eta etengabe egokitzen eta berritzen ari dela”, diote fundazioko iturriek.

Era berean, nabarmendu nahi izan dute bileran parte hartutako denekin izandako “elkarrizketa zintzo hauetan denek aitortzen dutela, Agintarien Batzordeak eta Alarde Fundazioak, bere Alardea askatasunez antolatzeko duten zilegitasuna eta eskubidea”. Eskubide hau, “tristeki lausotuta” geratzen dela diote, Alardea jasaten ari den jazarpen mediatiko eta instituzionalagatik.

Guztion Alardeak “aldaketa exijentzia” egin dietela nabarmendu dute, “gure borondatea eta askatasuna makurtzeko beste saiakera batean”. Zentzu horretan esan dute Alarde Fundazioak eta Agintze Batzordeak “askatasun indibidual eta kolektiboak errespetatzen dituztela, eta beraz, errespetu bera eskatzen dutela”. Errespetua eskatu dute “herritarren gehiengoak babesten duen” alardearentzat. “Alardea Hondarribiko kultura eta nortasun adierazpena da, eta beraz, babestu egin behar da”, esan dute, azkenik.