argia.eus
INPRIMATU
Guztion Alardea elkarteko 64 emakumek alardean parte hartzeko eskakizun formala egin dute
  • Alarde fundazioari eta Hondarribiko Udalari bideratu diete alardean parte hartzeko eskakizuna, kantinera bezala ez ezik, soldadu gisa ere bai. Guztion Alardea elkarteak eman du urratsaren berri. Alarde baztertzailearen bueltako gazteek sortu zuten elkartea, defendatzen baitute emakumeek desfilean parte hartzeko eskubidea dutela.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 07a
Jaizkibel konpainia desfilatzen, eta espaloian alarde baztertzailearen aldeko jendea, errefusa agertzen (Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press)

Astelehenean bete zuten alardean parte hartzeko eskakizun ofiziala Hondarribiko 64 emakumek, izen-abizenez. Alarde fundazioari eta Hondarribiko Udalari zuzendu diete eskaria, alardearen antolatzailea delako lehena, eta alardea baimentzeko eskumena duelako bigarrenak. Are, azken horri gogorarazi diote "herritar ororen eskubideak bermatzeko erantzukizuna eta konpromisoa duela".

Guztion Alardeak eman du eskakizunaren berri. 2019an sortu zuten herriko hainbat gaztek; alarde baztertzailearen ingurukoak izan arren, emakumeek desfilean parte hartzeko eskubidea dutela defendatzen dute. "Bizikidetza sustatzeko elkarte" gisa dago erregistratuta, 90eko hamarkadatik datorren alardearen bueltako gatazka konpontzera bidean urratsak ematea baitute xedetzat. "Alardea bat eta bakarra da, hondarribiar guztion ondarea, eta edonork beharko luke bertan nahi duen moduan parte hartzeko aukera izan. Hori errealitate bat ez den bitartean, ez dago normaltasunik, ez bizikidetzarik, eta are gutxiago berdintasunik", adierazi dute.

Elkarteak jakinarazi du eskakizuna egin duten emakumeen kopurua "sinbolikoa" dela, badakitela alardean parte hartu nahi duten emakumeak askoz gehiago direla, "eta are gehiago emakumearen parte hartzearen alde gaudenak". Hargatik, herriko emakumeei dei egin die eskaerarekin bat egitera.

Mende laurden gatazkan

1996an du jatorria gatazkak. Bai Irun zein Hondarribiko alardean emakumeei kantinera gisa bakarrik parte hartzea ahalbidetzen zitzaienez, hainbat emakumek soldadu gisa desfilatzeko nahia agertu zuten aurreko urteetan, eta jasotako ukazioen aurrean, desfileetan sartzen saiatu ziren 96an. Konpainietan tokia egitetik urruti, baina, kolpeka atera zituzten, urte luzeetako gatazkari hasiera emanez.

Gaur artean ez da aterabiderik aurkitu. Irunen bi alarde egiten dira ekainaren 30ean, eta Hondarribian bakarra irailaren 8an: emakumeekiko baztertzailea dena, eta soilik kantinera bezala onartzen dituena. Bereiz desfilatzen du Jaizkibel konpainiak, eta bertan parte hartu ohi dute alarde berdinzalearen aldeko hondarribiarrek, izan emakume zein gizon. Zehazki, aurten beteko ditu 25 urte Jaizkibelek.