Berriak argitaratutako elkarrizketan hitz adierazgarriak atera dizkio Guy Poulou Ziburuko auzapezari Nora Arbelbidek. Euskararen eta ikastolen aldekoa dela dioen arren, ez du “betebehar moralik sentitzen” Kaskaroteneari herri barruan leku bat uzteko.
Administrazio auzitegira eraman zuen Poulouk Ziburuko ikastola, eta ordutik egunean 100 euro ordaintzen ari dira Marinela gunean jarraitzeagatik. Joan den astean argindarra moztu die bertako haurrei. “Elektrizitatea moztu behar genuen. Berogailuak piztu behar dira. Alimaleko eskola daukagu, eta elektrika linea doi bat justua”, justifikatu du.
Kaskarotenean argindar sorgailu bat jarri dute martxan behin behinean. Aste honetan deiak jaso ditu Poulouk ikastolatik, sorgailuak ateratzen duen harrabotsa jasanezina dela esanez. Begiratzera joan, eta ez duela “hainbeste harrabots egiten” esan du auzapezak. “Pixka bat puztu dute”.
Eskola publikoko eta ikastolako haurren eskubide desberdintasunaz galdetzean, “eskola publikokoak eskubide osoz” daudela hor adierazi du, eta besteak “eskubiderik gabe”. “Auzitegiak esan die joateko”, gaineratu du Poulouk.
“Ez da euskararen aurkako diskriminaziorik”, azpimarratu du. Bere ustez, murgiltze sistema da molderik seguruena haurrek euskaraz ikas dezaten, eta ikastolak izan daitezen “militatzen” duela ere esan du elkarrizketan.
Zaldi Xurito auzoan autobidetik hurbil dagoen eraikuntza proposatu dio auzapezak ikastolari, eta horiek eskaintza baztertzea “Seaskako arduradunen hautu politiko bat” dela uste du. Zenbaitek euskara “ideia politiko jakin batzuk bultzatzeko” erabiltzen dutela dio. “Lehen ikastolak ezagutu ditut: militante txikiak bilakarazten zituzten horko haurrak”.
Kaskaroteneako haurren egoerak “hunkitzen” duela dioen arren, ez dago baldintza asko onartzeko prest. “Apoak irensteko prest banago ere, ez dira handiegiak izan behar”.
Larunbateko manifestazioa ez dela bera konbentzitzeko aski izango ulerterrazi du. “Badakit nondik etorriko diren. Autobusak etorriko dira Espainiatik. Ez dira ziburutarrak”.